Galdu arren, zortzi onenen artean egoteko txartela eskuratu du Baskoniak

Aritz Mtz. de Luna 2019ko api. 4a, 21:35
Argazkia: Euroleague.net

Errusian garaipena lortzeko gai izan ez arren (82-78), Baskoniak sailkapena lortu du Armaniren porrotari esker.

Denboraldi luzea zangoetan pilatuta iritsi dira Euroligako taldeak fase erregularreko azken jardunaldira.

Batzuek dagoeneko etxeko lanak eginak zituzten eta final laurdenetarako txartela poltsikoan zutela ekin diote jardunaldiari. Beste batzuk, ordea, ez dute urtean zehar maila nahikorik eman eta aukerarik gabe aritu dira gaurkoan. Eta tartean, sailkapena erabakitzeko 29 partida nahikoa izan ez duen tropeltxoa. Sei talde, tartean Baskonia, eta hiru txartel besterik ez jokoan.

Partida aurreko egunotan, Baskoniazale guztiak ibili dira probabilitate jokoan murgilduta. Kasurik onenean seigarren postuan sailkatzeko aukera zuen talde gasteiztarrak, baldin eta CSKAren kontrako partidan garaipena erdiestea lortzen bazuen. Euroliga indarrean dagoenetik ordea, birritan bakarrik lortu du Baskoniak Moskun garaipena, eta horietan azkena, 2005ean.

Ezinbestean, zaletu guztiak beste partidetako emaitzek eskaini zitzaketen aukerak aztertzen hastea besterik ez dute izan, eta hor ere aukera sorta zabala aukeran. Armanik Turkian galduz gero txartela poltsikora, baina Efes sailkatuta egonik eta Armanik dena jokoan izanda… Beste partida erabakigarria Madrilen. Kasu horretan, Real Madrid garaile ikusten du jendeak eta Baskoniak Zalgirisen garaipena beharko luke… Ez bata ez bestea gertatzen ez badira, biharko partidan Olinpiakosek derrigor galdu beharko luke azken sailkatua den Budocnosten kontra eta hori ere zaila litzateke… hamaika aukera, eta hamaika buruhauste.

Konponbide errazena, Baskoniak bere lana egin eta partida irabaztea zuen. Ildo horretatik ekin dio lanari, eta, itxuraz, garaipena bideratuta utzi du lehen hiru laurdenetan. Hamaika puntuz gora joan dira Perasovicen mutilak, jokatzeko azken hamar minuturen faltan (55-66).

Une erabakigarrian ordea, CSKAk gaur egun talde sendoagoa dela erakutsi du eta Baskoniaren erasoko jokoa kamuts uztea lortuta, partida irauli du. Azken markagailua, 82-78 errusiarren alde.

Zorionez, beste kantxetan suertatuko emaitzek mesede egin diote Baskoniari gaurkoan eta, Armani Milanen porrotari esker, Baskonia zortzi onenen artean egongo da beste behin.

Final laurdenak apirilaren 16a eta maiatzak 1a bitartean egongo dira jokoan, eta parez-pare gaur gaueko aurkari berdina. Baskoniak Errusian garaipena lortzeko aukera izango du beste behin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide