Udalekuen eskaintza zabala lurraldean

Erredakzioa 2019ko api. 4a, 17:00
Barrian egingo dute udaleku bat. AFA

Diputazioak 2.500 plaza eskaintzen ditu Udarabaren bidez, Euskharan Elkarteak Tertangan egingo ditu udalekuak, abuztuan; eta Zinelekuko udako programa ere prest dago.

Arabako haurrentzat eta gazteentzat mota askotariko eskaintza dago udako sasoiari begira. Dagoeneko zabalik dago Arabako Foru Aldundiak, Gazteriaren Foru Erakundearen bitartez, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin batera, antolatzen dituen Udaraba programa. 

Udaleku kanpaina hau uztailaren 1ean hasiko da eta 31an bukatuko da, eta izena emateko epea apirilaren 2an zabaldu dute, eta 10ean itxiko da. Aurten, izen ematea internetetik soilik egin ahal izango da Gazteriaren Foru Erakundearen web orrian: https://gazteria.araba.eus

2019ko kanpaina honetan, 4.012 plaza eskaintzen dituzte, 7 eta 13 urte bitarteko adina duten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako neska-mutilentzat. Egonaldiak hemezortzi herritan izanen dira. Horietako hiru Araban garatuko dira: Zuhatza, Barria eta Espejo. Bederatzi, Bizkaian: Gorliz, Lapurreketa, Lurraska, Zugaztieta, Legasa, Meakaur, Galdames, Zugarramurdi eta Goroxika (azkena berria da aurten); eta beste bost, Gipuzkoan: Orio, Zarautz, Ondarribia, Segura eta Zestoa.

Bestalde, aurten programa berri bat eskainiko da, Euskalaka izenekoa. Euskaraz murgiltzeko programa bat da eta bere helburu nagusia hizkuntzan komunikazioa, sozializazioa eta sakontzea da. Programa honen partaideak ikus-entzunezko hizkuntzara hurbilduko dira eta bideoak grabatu eta editatzearekin disfrutatzeko aukera izango dute. Uztailean egingo da, Espejon eta 12-13 urteko neska- mutilentzat da.

Halaber, Gazte Bidaiak programa eskaintzen dute diputazioek, eta horretan 586 plaza daude, 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat.

Zineleku

Ikus-entzunezkoen arloko prestakuntzarako, ekoizpenerako eta emanaldiak egiteko Zineleku programa ere garatuko da aurten, laugarrenez, gazteei zuzenduta. Apirilaren 8an, astelehenean, irekiko da izena emateko epea. Zineleku 18 eta 29 urte bitarteko Euskal Herriko gazteentzat da, betiere ikus-entzunezkoak sortzeaz interesa badute. Eskaerak ekainaren 10era arte bidali ahalko dira.

Proiektuan parte hartuko duten lagunek Gasteizko Santa Maria aterpetxean izango dira elkarrekin, hamabi egunez, eta bitarte horretan zinema lantegi eta zinemagintzako eta beste arte batzuetako profesionalen eskola magistraletan parte hartu ahal izango dute. Gainera, proiekzio, performance eta kontzertuetan ere parte hartu ahalko dute.

Euskharanekin, abuztuan

Beste alde batetik, martxan daude jada Euskharan Kultur Elkartearen udalekuen seigarren edizoa. Udalekuak Tertangan izango dira, abuztuaren 25etik 31ra bitartean, "udari giro euskaldunean eta lagun artean agur esateko". Egonaldia 2004 eta 2008 urte bitartean jaiotako gazteei zuzendua dago. Matrikularen prezioa 160 eurokoa da, eta izena emateko epea apirilaren 1etik 30era arte egongo da zabalik. Izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko: Telefono zenbakiak: 646 14 77 78 (Irati) eta 634 43 76 93 (Asier). E-posta bidez: euskharan@gmail.com

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide