Espainiako Kongresurako eta Senaturako aurreko hauteskunde deialdiarekin (2016) alderatuta, posta bidezko boto eskaerak %333 egin du gora Araban. Hauteskunde-erroldaren bulegoko arduradunek azaldu dutenez, posta bidezko botoa eskatu duen pertsonen kopuruak gora egin izanaren arrazoi nagusia jaiegunak dira. Izan ere, San Prudentziorekin eta Pazko astearekin batera helduko dira hauteskundeak.
San Prudentzio apirilaren 28an ospatzen da, baina aurten igandea da, eta jaieguna astelehenera pasa dute. Horrela, arabar ugarik zubi luzea izango dute, Maiatzaren Lehena barne.
Posta bidezko botoa eskatzeko epea martxoaren 5ean hasi zen, eta apirilaren 18an bukatuko da. Prozesua abiatu zenetik arabarren eskaerek gora egin dute nabarmen. Horrela, apirilaren 1era arte 22.100 eskakizun jaso dira, aurreko hauteskunde orokorretan 5.100 izan zirenean.
Mahaiburuak eta mahaikideak
Bestetik, Gasteizko Udalak ohartarazi du sare sozialetan zabaltzen ari den hauteskundeetarako mahaikideen zerrenda gezurra dela, eta erakundeek ez dutela informazioa modu horretan zabaltzen. Izan ere, Udalak ez ditu argitaratu zozketaren emaitzak, datu pertsonalen konfidentzialtasuna gordetzeko. Aukeratuak izan diren jakin nahi dutenek bertatik bertara kontsulta dezakete herritarrei laguntzeko bulegoren batean, beren burua identifikatu eta eskabidea egin ostean. Bestela, apirilaren 4ra bitartean jakinaraziko zaie izendapena mahaietako kide izango diren Gasteizko 2.781 pertsoneri, eta jarraibide-eskuliburuak helaraziko zaizkie.
Apirilaren 12an hasiko da hauteskunde-kanpaina, eta apirilaren 26ra arte iraungo du, hots, apirilaren 28ko hauteskundeen aurreko gogoeta-egunaren bezperara arte. Bozketa-egunean, goizeko bederatzietan irekiko dira hauteskunde-mahaiak; arratsaldeko zortzietan itxi, eta emaitzen zenbaketari ekingo zaio orduan.