Alavesek etenaldia izan du goranzko bidean

Ibon Gorrisi 2019ko api. 1a, 11:29

Etxekoak ez dira kikildu eta zaleen animoekin behin eta berriz golaren bila aritu dira. / ALAVES

Atletico Madrilek 0-4 irabazi dio istoriorik gabeko norgehiagoka batean.

Hau pena hau! Alavesek ia-ia ez du inongo aukerarik izan partidan sartzeko. Lehen hamar minututan Atletico Madrilek bi gol sartu ditu eta bigarren zatian, hirugarrena egin duen arte, talde arabarra adoretsu aritu da. Hortik aurrera ezer gutxi aipatzeko, talde madrildarra jaun eta jabe izan delako.

Egia esanda, Atletico Madrilen aurka galtzea logikotzat jo daiteke. Izan ere, punta-puntako taldea baita, baina nola gertatu den hori bai bada mingarria. Taldea ohi bezala aritu da, baina partidan lotan sartzeak neurketa galtzera eraman du. Goi mailako talde baten aurka buru-belarri aritu beharra dago lehen minututik azkeneraino. Ez dago hutsik egiterik, bestela jai. Bada, horixe gertatu zaio Alaves taldeari. Hamaikagarren minuturako huts eta bi galtzen ari zen eta, jakina, Madrilgo taldeak era horretako errenta hartuz gero ia-ia ezinezkoa da gaina hartzea.

Alavesi kostatu zaio partidan sartzea. Saul Atletico Madrilen erdilariak bi aukera oso garbi izan ditu lehen bost minutuetan. Aurrenekoan Pachecok, nola ez, geldiketa bikaina egin du, baina bigarrenean ez du kalerik egin eta gola egin du. Maldan gora partida etxekoentzat. Handik gutxira gauzak okertu egin dira, Diego Costak 11. minutuan bigarren gola egin duelako. Gol bikaina, baloia area ertzean jaso eta hanka geldian jaurtiketa bikaina egin du. Hasi bezain pronto Simeoneren taldeak erabat bideratuta zeukan norgehiagoka.

Etxekoak ez dira kikildu eta zaleen animoekin behin eta berriz golaren bila aritu dira. Bihotzarekin aurrera egin dute eta gol aukera garbia izan du Pinak 28. minutuan. Buruz egindako errematea Saulek ateko marratik atera du. Lehen zatia amaitu arte saiatu dira, baina alferrik. Bazirudien ekinaren ekinez gola etorriko zela, baina huts eta bikoarekin joan dira aldagelara.

Bigarren zatiaren hasieran berriz ere etxekoak erasora, baina gol aukerarik sortu gabe. Halere, Alavesek arriskatu behar zuen eta Atleticok Morataren bitartez ondo baino hobeto baliatu du 0-3koa egiteko. Gol honek min izugarria egin dio taldeari eta erabat lur jota utzi du. Partida erabat bukatuta zegoenean laugarrena etorri da. Thomasek areaz kanpotik gol ederra sartu du 86. minutuan.

Partida amaitzear zela eta taldea erabat lur jota zegoenean hor agertu dira Alaveseko zaleak ereserkia abesteko eta taldeari animoak emateko. Hurrengo partida Sevillaren aurka izango da ostegunean; ea atzoko astinduak eraginik ez duen!

Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Ely, Duarte, Darko Brasanac (57’.Inui), Manu Garcia, Pina (68’. Wakaso), Jony, Guidetti eta Calleri (73’. Twumasi).

Txartel horiak: 49’. Pina, 56’. Manu Garcia.

Atletico Madril: Oblak; Juanfran, Gimenez, Godin, Filipe Luis; Koke, Thomas, Saul; Morata (62’. Kalinic), Diego Costa (46’. Lemar) eta Griezmann (77’. Correa).

Txartel horiak: 55’. Lemar

Golak:

0-1: 4’. Saul

0-2: 11’. Diego Costa

0-3: 59’. Morata

0-4: 84’. Thomas

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak:

Oso gutxi falta izan zen Mendizorrotza betetzeko: 19.107 ikusle bildu ziren partida ikusteko. Giroa, beti bezala, paregabea. Animazio harmailan hasi eta bukatu arte kantatzen aritu ziren gelditu gabe. Azken minutuetan zale guztiek Alaves taldearen ereserkia kantatu zuten taldea animatzeko. Talde eta zaleak bat eginda daude, horretan ez dago inongo zalantzarik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide