Frankismoaren biktimak oroitu dituzte ekitaldi banatan

Erredakzioa 2019ko api. 1a, 10:17

Gasteizko Udalak frankismoaren biktimei egindako omenaldia. GASTEIZKO UDALA

Gasteizko Udalak Frankismoaren Biktimak Oroitzeko Egunaren harira ekitaldia egin du; EH Bilduk, bere aldetik, duela 82 urte Azazetan fusilatu zituzten 16 lagun omendu ditu.

Frankistek hildako lagunak oroitu dituzte igande honetan Gasteizen, ekitaldi banatan. Hala, Gasteizko alkateak, udalbatzako kideek eta biktimen senideek lore eskaintza egin dute, joan den urtean lehenengoz ezarri zen Frankismoaren Biktimak Oroitzeko Egunean. Halaber, Frankismoaren Krimenen kontrako Euskal Plataformaren ordezkari Josu Ibargutxik parte hartu du ekitaldian.

Posta eta Agirre Lehendakariaren kaleen arteko bidegurutzean, Isiltasunean oihuka eskulturaren inguruan, egin dute ekitaldi ofiziala. Gorka Urtaran alkateak omenaldian adierazi du frankismoak errepresaliatutako pertsona guztiek merezi dutela Gasteizek egiten dizkien aitortza eta omenaldia. "Haien bizitzak ez ezik, haien printzipio eta balioak ere ezabatu nahi izan zituzten. Baina hain justu kontrakoa lortu zuten", esan du alkateak.

Ekitaldi horretan parte hartzeaz gainera, EH Bilduk, bere aldetik, duela 82 urte Azazetan hil zituzten 16 lagun omendu ditu. Santa Barbara plazan egin dute ekitaldia, "bertan egon baitzen Gasteizko espetxea". Omenaldian, Madrilgo Kongresurako EH Bilduko zerrendaburu Iñaki Ruiz de Pinedok azpimarratu du “82 urte geroago, 1936ko Falange, CEDA eta Comunion Tradicionalista, PP, Ciudadanos eta VOX” direla.

Omenaldian, Arabako Foru Gobernua kritikatu du Ruiz de Pinedok, "bere konpromisoak bete ez dituelako". Izan ere, EH Bilduko hautagaiaren esanetan, Arabako Batzar Nagusiek adostutakoa ez du bete foru gobernuak, eta ez du frankismoaren aurkako kereilarik aurkeztu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago