Turkiako kostan gertatutako hondoratze baten ondorioz 4 hildako, Lanpedusara hurbiltzen ari zirela 8 desagertu itsasoan, Alborango itsasoan patera galbidean 48 migratzaile zeramatzala…
Samina eragiten duten titularrak dira arestian aipatuak, eta aurrerantzean ez ditugu horrelakoak komunikabideetan aurkituko. Tamalez, ordea, zergatia ez da hildako gehiago egongo ez dela. Nahiko genuke hala balitz…
Horrelako titularrik ez aurkitzearen arrazoia Europako Batasunak erreskateak egiteko ontzien nabegazioa debekatu duela da, eta horrela, migratzaileak heriotzera kondenatuta. Estatu kideek ez dute Mediterraneoan egiten ari diren sarraskiaren lekukorik nahi, nahiago dute ezikusiarena egin.
OIM-ek (Migrazioen Nazioarteko Erakundea) eta ACNUR-ek jasotako datuek diotenez, 2014. urtetik 17.500 lagun hil dira Mediterraneoan (2018an bakarrik 2.262 izan ziren). Elkarte horien ustez, gainera, itsasoan hil dela baieztatzen den migrante bakoitzeko errealitatean beste bi gehiago dira hiltzen direnak, nahiz eta beraietaz inoiz ezer jakin ez.
Zenbaki horiek, baina, Europarentzat ez dira esanguratsuak; ez behintzat, bere politika neoliberalek eta diru-goseak dakartzaten zifrak bezainbestekoak. Beraienak dira espolioa, gerra, pobrezia, aldaketa klimatikoa… eragiten duten politika neokolonial horiek, ondorio gisa heriotza eta behartutako migrazioa dakarten politikak. Eta horiek dira arazoaren benetako kausa.
Europako elite ekonomikoak ez du nahi politika horiek eta ondorioak salatuko dituen inor, ez du gizarteak egia entzun dezan nahi, eta horrexegatik kriminalizatzen dute elkartasuna, horrexegatik desagertarazten dituzte Mediterraneoko holokaustoaren lekukoak, eta horrexegatik betetzen dituzte komunikabideak azaleko gaiekin. Horrela, kapitalismoak ondoriorik ez balego bezala jarraitu dezake produzitzen, jendarteari planteatzeko ezer ez dagoela erakutsiz.
Horregatik guztiagatik, larunbatean, martxoak 30, kalera aterako gara Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba. Hileta-martxa bat egingo dugu Gasteizko kaleetan zehar, Europako atarian gertatzen ari diren heriotza saihesgarri guztiak omentzeko asmoarekin. Andre Maria Zuriaren plazan elkartuko gara 20:00etan, eta Olagibel kaleko Espainiako gobernuaren ordezkaritzan bukatuko dugu.
Horrenbestez, larunbatean, beltzez jantzi eta omenaldi eta protesta izango den martxa honetan parte hartzeko gonbita luzatzen dizuegu. Ekimena maiatzaren 5ean Durangon burutuko den “5M5- Herrien besarkada” ekimenaren baitan kokatzen da.
Itotako amets gehiago ez! Inor ez da ilegala!