Saria jaso dute Arabako Neumologiako erizainek fibrosi idiopatikoaren tratamenduagatik

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko martxoaren 27a

Saria jaso dute Arabako Neumologia Zerbitzuko erizainek. OSARABA

Biriketako fibrosi idiopatikoa gaixotasun minoritarioa da; 100.000 biztanleko 13 emakumezkori eragiten dio, eta 10.000 biztanleko 20 gizonezkori.

Arabako Neumologiako erizainek Espainiako Biriketako Fibrosi Idiopatikoaren Praktika Onen saria jaso berri dute; modu horretan, gaixotasun minoritario hau pairatzen duten gaixoen arreta hobetzeko martxan jarri duten protokoloa nabarmendu nahi izan du Biriketako Fibrosi Idiopatikoaren Espainiako Batzarrak

Biriketako Fibrosi Idiopatikoa gaixotasun minoritarioa da,100.000 biztanleko 13 emakumezkori eragiten die, eta 10.000 biztanleko 20 gizonezkori. Gaixotasunaren ondorioz, birikien ohiko albeoloak fibrosidun ehunekin ordezkatzen joaten dira eta arnas-gutxiegitasuna sortzen da. Diagnostikoa egiten denetik hiru urteko epean gaixoa hil egiten da.

Egun, tratamenduak daude gaixotasunaren garapen naturala geldotzen dutenak, eta bizi-itxaropena bost urtez handitzea ekartzen dute. Botika horiek, ordea, albo-ondorioak dituzte, eta horrenbestez, pazienteak prozesuan parte hartzea garrantzitsua da. Hala, Neumologia Zerbitzuak azaldu duenez, "ezinbestekoa da gaixoari dituen tratamendu posibleak ondo azaltzea, aldeko eta kontrako aldeak, tratamenduaz zer espero duen jakitea, hitz egitea, entzutea eta erabakiak hartzen laguntzea". 

Ildo horretan, Neumologia Zerbitzuak Eritzaintza Zerbitzuarekin batera protokolo bat osatu zuen, duela bost urte, Erizaintza kontsulta bat sortzeko eta gaixo hauen jarraipena hobetzeko. Oso emaitza positiboak lortu dituzte; izan ere, pazienteen %100 kontrolatzen dituzte gaur egun, eta gaixoek informazio gehiago dute medikazioaren albo kalteen inguruan eta tratamenduan askoz inplikatuagoak daude.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago