Yolanda Mosquera irudigile amurrioarrak egin du Itzuliko kartela

Erredakzioa 2019ko mar. 26a, 16:35
Yolanda Mosquerak sortu du aurtengo Itzuliaren kartela. /Alea

Sugaar pertsonaia mitologikoaren irudia erabili du Mosquerak aurtengo kartelean.

Euskal Herriko Itzuliak kartela euskal sortzaileei eskatzeko tradizioa berreskuratu du, eta aurtengo edizioarena aurkeztu du gaur; Yolanda Mosquera irudigile amurrioarrak egin du. Mosquerak Euskadi Literatura Saria irabazi zuen iaz, Lan Literarioen Ilustrazioa modalitatean, eta Eusko Jaurlaritzak hala proposatuta egin du kartela.

Mosquerak azaldu duenez, ilusio handiz jaso zuen proposamena: "Sailaren proposamenak emozio handia egin zidan eta buru-belarri aritu naiz kartela diseinatzen. Lan egiten dudanean metafora bisualak baliatzea gustuko dut, inteligentzia desafiatuz eta kontzeptu ezberdinen inguruan geruza edo oinarri ezberdinak sortuz. Kontzeptu horiek era batera edo bestera helduko dira hartzailearengana haren interesen arabera", azaldu du.

Mosquerak metafora bisual bat proposatu du kartelean, tropela islatzen duen koloredun suge bat lurraldean sigi-saga narrasten erakusten duena. Hala, Sugaar pertsonaia mitologikoaren irudia erabili du "gure antzinako kultura kirolarekin batera aldarrikatzeko". Azaldu duenez, "saihestezina zen niretzat tropela gure lurraldea zeharkatzen duen koloredun suge baten moduan ikustea, eta hortik jo nahi izan dut".

Gerra aurreko tradizioa

Kartela aurkezteko ekitaldia Bilboko Arte Ederren Museoan egin da, eta, egilearekin batera, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoaren zuzendaria eta Itzulia antolatzen duen OCETA erakundeko presidente Julian Eraso egon dira. 

Espainiako Gerraren aurreko tradizioa berreskuratu nahi izan du Jaurlaritzak aurten, garai hartan puntako euskal artistek egiten baitzituzten Itzuliaren kartelak. "Antonio Gezala margolariaren senitartekoekin izandako bilera batean gogoratu genuen nola Espainiako Gerra baino lehenago euskal artistek Itzuliaren kartelak egiten zituzten. Momentu hartan sortu zen tradizio hori berreskuratzeko ideia. Itzuliaren antolatzaileei proposatu genien, eta oso era positiboan erantzun zuten", azaldu du Zupiriak. 

Aurtengo Euskal Herriko Itzulia apirilaren 8an hasiko da, Zumarragan, eta apirilaren 13an amaitu, Eibarren. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide