Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailak Uribarri Ganboako urtegiko Ibilbide Berdea egokituko du, uholdeak gertatzen direnean tarte batzuetan izan ohi diren arazoak ekiditeko. Hala, zoladura berrituko du, zorua sendotuko du eta drainatze sistema berriak eraikiko ditu.
50.000 euroko inbertsioa egingo du Aldundiak, Marietako eremuan, eta Urizar herriaren inguruan, urak eragin ohi dituen arazoak konpontzeko. Zehazki, etxaldetik Marietara arteko tartea egokituko dute; drainatze arazoak daude zonalde horretan, eta ondorioz, ur asko pilatzen da bidearen plataforman. Bigarren tartea Urizarko dikerako sarbidean dago, malda handiko bide bateko toki batean.
Guztira 4,1 kilometroan egingo dira lanak, ibilbide berde horretan ibiltzen diren 80.000 txirrindulari eta oinezko ingururen segurtasuna hobetzeko.