Lurralde miresgarriko kapelagile, eroa?

Erabiltzailearen aurpegia Ramon San Juan 2015ko abe. 29a, 11:45
Han gure kapelagile gaixoa, Aliziari galdezka bere ustezko zoramenari buruz. Zoratu ote naiz? Aliziaren erantzuna, bide batez, paregabea; “Erabat zoratuta zaude. Hala ere sekretu bat esango dizut. Pertsona on guztiak hala daude.

Aliziak egia borobilabotatzeaz gain kapelagilea lasaitzea ere lortu zuen. Gaixoak ez zekien, zoramen hori pozoitze baten ondorio zela. Izan ere garaiko kapelen produkzio lanetan merkurioa erabiltzen zuten materialen tratamenduan. Kapelagileen lana leku itxietan bideratzen zenez, toxiko indartsu honen erabileratik emandako kontaktuak, orduko kapelagileen pozoitzea eta ondoriozko “zoramena” zekarren. Kapelagileen zoramena. Hala erraz uler zitekeen “te-aldi eroaren” pasartea, noski.
Hara! hor duzu zure galderarentzako erantzun zientifikoago bat, kapelagile jauna…

Lasaiago uzten nauzu!

Baina gu bezalakook datu gehiago biltzea gogoko dugu. Merkurio demonio horrek zer demontre egiten dio gure gorputzari “zoramenaren” sintoma horiek pairatzeko? Jakin-mina?Gehiago jakin nahi? Aurrera jarrai dezagun, hala bada.


Merkurioari buruz hitz egiten jarraitzeko apunte txiki bat egingo genuke. Izan ere, hiru eratantopa dezakegu: 
  • Merkurio elementala (metalikoa), 
  • Merkurio ez-organikozko konposatuak eta 
  • Merkurio organikoa (Metilmerkurioa; toxikoena ehunetan metatzeko ahalmena duelako). 

Era guztietan toxikotasuna izan arren, era ez-organikoan, liposolubilitatea txikia duenez, ez da gorputzetan horrenbeste metatzen (termometroen merkurio tantak kasu). Ordea, era organikoan (Metilmerkurioak; CH3-Hg+) asko metatzen da, toxikotasun oso handia aurkeztuz.

Hauek, arnas aparatuan zehar (lurrunak), digestio aparatuan zehar eta azalaren xurgapenaren bidezko sarrerak izan ditzakete. Merkurioa, termometroetan, bonbila batzuen barneko hautsean, eta bestelako produktu kimiko eta abarretan topa daiteke, eta ingurugiroan (lurrazpiko uretan, itsasoetan eta lurrean) metatzearen ondorioz, sare trofikoetan zehar hedatu daiteke. Izan ere merkurio konposatu ez-organikoak, printzipioz toxikotasun baxua izan arren, behin uretan daudela, mikroorganismo batzuen eraginagatik, forma organikoetan bilakatu daitezke. Mikroorganismo hauek arrain eta bestelako izakien elikagai izango dira, azken hauen ehunetan merkurio konposatu toxiko hauek metatuko direlarik. Hurrengoa sare trofikoan, merkurioaz intoxikatua izango da.

Irudiaren iturria; Merkurioaren Zikloa
Merkurio konposatuek (organikoak; Metilmerkurioak) duten liposolubilitatea dela eta hesi hematoentzefalikoa gainditudezakete eta Nerbio Sistema Zentralean sar daitezke bertan metatuz. Azken honengan, efektuak izango ote ditu? Zein mailatan? Bazatozte elkarrekin deskubritzera? Edo dagoeneko nahiko duzu? Ez? Hori da espiritua! Barneratu gaitezen Merkurioaren efektuetan!
Berezitasun bat topatu zaio merkurioari. Bere “lotza kimikoak” aztertzean sulfidrilo (-SH) taldeekikoduen afinitatea detektatu zaio.  Sulfidrilo talde hauek (Tiol taldeak ere deituak) entzima askoren gune aktiboetan topatzen ditugun zisteinetan (aminoazido bat) daude.
Jarraitu aurretik ikus ditzagun irudi hauek:

Gero ikusiko dugu hiru irudi hauetan primeran laburtzen den ikerketaren bideo osoa. Baina aurretik, azter ditzagun. (1) Lehenengo irudian neuronen luzakinen (axoien) garapen normal bat ikus dezakegu. (2) Bigarren irudian, merkurioa jarri dute medioan eta (3) hirugarren irudian ikus dezakegu nola luzakinak atzeratu eta suntsitu diren (neurofilamentuak deritzen egitura batzuk agerian lagaz).
Zer gertatu da hemen? Nola azaldu dezakegu hau? Neuronen arteko konexioak luzakin hauekin egiten dira, beraz, konexio falta horrek kapelagilearen “sintoma zoroak” ekar ditzake? Jarraitu dezagun ikertzen! Animo!


Axoien garapenarengan duen efektua aztertzeko, lehenago axoia beraren egituran zentra gaitezen.
Axoia, neuronen soma edo gorputza eta gune sinaptikoaren (bi neuronen arteko konexio gunea) arteko eremu luzea da.


Neuronen luzakin hauek garatzeko Mikrotubuluak (zelulen zitoeskeletoko zuntz lodienak) polimerizatu (luzatu) egin behar dira. Mikrotubulak, tubulina deritzon proteinen monomeroz egindako polimeroak dira. Bi tubulina klase daude; alfa eta beta erakoak. Alfa eta beta erako tubulina bat lotzean dimero bat sortzen dute. Dimero hauen polimerizazioz (protofilamentuak edo protoharizpiak) mikrotubuluak sortzen dira. Barrutik hutsak diren zilindroak dira itxuraz.


Mikrotubuluak zeluletan zehar luzatzen diren "errepideak" dira. Hauetan zehar organulu (mitokondriak kasu), besikulak (neurotransmisorez eta abarrez betetakoak adibidez) eta bestelakoak garraia daitezke. Neurotransmisoreak, neuronen arteko informazioaren "hizkuntza-molekulak" dira eta nukleoan daude hauek sortzeko argibideak. Beraz somaren eremuan sortzen dira. Baina hurrengo neuronara transmititzeko informazio-molekula hori, gune sinaptikoraino garraiatua izan behar da axoian zehar. Garraio hori "errepide" berezi hauetan zehar egingo da. Mikrotubuluetan zehar.

Hemen azpian ikus dezakezue kinesina (KIF; mikrotubuluen gainean aurreranzko garraioaz arduratzen den motore-proteina) bat, besikula bat soinean garraiatzen mikrotubulu batean zehar, "oinez ibiliko" balitz bezala. Pauso bakoitzak energia kimikoa (GTP; guanosin trifosfato) suposatzen du.
Hemen ikus dezakegun besikula hau, gure kasuarekin jarraituz, gune sinaptikora bidean dihardu. Bertara heltzean, hori daba bere patua eta baldintzak betetzen badira, exozitatua izango da, hurrengo neuronak neurotransmisore horien hizkuntza jaso, ulertu eta ondorioz jardun dadin.

Baina mikrotubuluetara buelta gaitezen. Izan ere tubulina dimeroen polimerizazioa gertatzeko energia kimikoa behar da. GTP gastatzen da. GTP molekula tubulina dimeroari lotzen zaio hauen gune-aktiboan eta orduan polimerizatu daitezke pixkanaka-pixkanaka mikrotubuluak luzatuz. Beheko GIF animatu honetan ikus dezakegun bezalaxe.

Kasualki, tubulina dimeroen gune aktiboa aztertzean zisteinak daudela topatzen dugu. Hau da -SH (tiol taldeak) daudela topatzen dugu. Merkurioak gogoko zituen sulfidrilo taldeak, hain zuzen ere. Gogoratzen? Beraz, merkurioz pozoitutako organismo batean, merkurioak GTPa lotu beharko litzatekeen lekua oztopatzen du (bertara lotuz) eta polimerizazioa inhibitzen du. Ez dira mikrotubuluak garatzen. Eta are gehiago, sortu diren mikrotubuluak desegingo dira merkurioarekiko duten afinitatearen ondorioz. Beraz sortzen edo garatzen ari diren axoiak, atzeranzko garapena izan dezakete. Suntsituko dira. Ez da neuronen arteko konexio egokia egingo. Orain badakigu gure kapelagilearen zoramenaren zergatia... Bere sintomak? nahiez eta guztiz zehatzak ez izan... irakurri liburua eta ikusi pelikula. Hemendik aurrera noizbait, norbaitek "kapelagileen zoramenari" buruz egiten dizuenean... baduzue zer kontatu. 

Orain, kasua "primeran kontrolatzen" dugula ikus dezagun lehen aipatzen nizuen bideoa:


Bitxikeriak:

- Mikrotubuluek mitosi edo meiosian kromosomen banaketa bideratzen dute (ardatz mitotikoa edo akromatikoa, anafasean). Beraz zenbait ikerketa merkurioa eta arazo kromosomikoen arteko erlazioetan zentratu dira (genotoxikotasuna; begiratu bibliografiako azken artikulua). Izan ere mikrotubuluak ez badira behar bezala garatzen, mitosi edo meiosian, kromosomak ez lirateke egokiro banatuko eta behar baino kromosoma gehiagoko edo gutxiagoko zelulak suertatuko lirateke, horrek ekarriko lituzkeen arazoekin.

- Gogoratu, merkurioak -SH taldeekin duen afinitatea. Merkurio pozoiduretan, ahalik eta lehenen arrautzak edo arrautzen zuringoa ematen zitzaien pazienteei. Arrautzen zuringoa oboalbumina proteinan oso aberatsa da. Eta azken hau berriz -SH (Tiol) taldeetan aberatsa da. Beraz, Merkurioa, xurgatua izan baino lehen, zuringoaren oboalbuminaren sulfidriloekin lotu (bahitu) eta kanporatua izan zitekeen toxikotasunaren efektuak pairatu aurretik.

- Merkurioaren -SH ekiko afinitatearekin lotuz berriro. Azido lipoikoa (aziloen transferentzian diharduena), Pirubato deshidrogenasa entzimaren lanean laguntzen du (Pirubatoa AzetilCoA -n bilakatuz).  Azido lipokoaren forma erreduzituak bi sulfidrilo (-SH) talde aurkezten ditu. Merkurioa bertara lotzen bada, Pirubato deshidrogenasa entzimak ezingo du bere lana osatu. Ondorioz pirubato metaketa egongo litzateke organismoan eta azidosi pirubikoa pairatu dezake pazienteak. Honek heriotza ekar dezake. Tiaminan urriak diren dietek edota alkoholismoek eragindako timanina xurgapenaren inhibizioak eragin berbera izan dezake.




Bibliografia:

Osorik irakurri

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide