Gogoan gordetzen dut, eta ondo gorde ere, aitonarekin batera,
zuhaitz hura etxe ondoko lorategian landatu nuenekoa. Gogoan dut lorategi hura ere. Auzokide guztiak esertzen ziren zuhaitz haien gerizpean, euren egun eta tirabirei buruz berbetan. Auzo osoak konpartitzen zuen lorategia bazen ere, nire aitak eta aititek inausten zituzten arbolak. Belarra ere, eurak mozten zuten. Euren esku hartu zuten ardura hori. Egia esan, nik askotan laguntzen nien, baina
behartuta. Mutil koskor bat baino ez nintzeneko momentu hartan, ez nekien ze nolako saminez oroituko nituen bizipen haiek urte batzuk geroago. Ezta nire memorian izango zuten, eta betirako izango duten pisu ikaragarria ere. Zenbat damutzen naizen momentu haiek behar bezala disfrutatzen ez jakiteagatik. Alegia, behar baten moduan bizi izana. Zenbatezina, orain emango nukeena une horiek berriro bizitzeko aukera izango banu... Ez nuke beharrez edo nekez egingo, ez. Ezta gutxiago ere.
Urte batzuk pasatuko ziren,
herbario bat egiten hasiko nintzenera arte.
Landatu genuen zuhaitz hura, isil-isilik, handitzen eta sendotzen jarraitzen zuen. Ordurako nire buru eta bizi-filosofiari buelta gutxi batzuk emanda nengoen. Orain dudan oroitzapen preziatuenen artean, aitte, aittitte eta hirurok herritik bueltaka genbiltzanekoa da, topatzen genituen zuhaitz eta zuhaixka guztien hosto, fruitu, lore eta enbor-azal zatiak biltzen. Aititeren "botanika klase" interesgarriak adi entzuten nituen bitartean. Fruta-arbolen txertaketaren inguruan ere asko irakasten zidan, baina hori beste baterako lagako dugu, transgenikoen aurka eta orokorrean, bioteknologiaren kontrako argudioak dituztenekin
solasean aritzeko.
Bildu genituen laginen artean auzoko lorategiko zuhaitz horietan erreparatu genuen, nola ez. Urteak atzera
elkarrekin landatu genuen zuhaitz horrek, gora egin zuen. Ederra litzake bere laginak hartzea herbarioaren osotasunean gordetzeko. Hara non, auzoan horrenbeste itzal-ordu eman zizkiguten zuhaitz haiek
Platanus hispanica zuten izen zientifikoa. Gaur egun, gutxi batzuk baino ez dira geratzen auzoan egindako espaloi handi baten obra berri batzuen ondorioz. Platanondoak ez ziren noski, baina fruitu esferiko ederrak garatzen zituzten. Ezin herbarioaren orriak ondo itxi fruitu demonio horiek hartzen zuten bolumenagatik.
Urte dezente pasatuko ziren irailaren amaieraren arratsalde hotz batean, txakurrarekin paseatzen nengoela, nire begirada zuhaitz honen fruitu erorietan erreparatzen geratuko zen arte. Berriro fruitu hura nire begiradaren aurrean. Oraingoan aitonaren botanika klaseak, oroimenean baino ezin ziren entzun. Baina ez zen ez, botanikaren ikuspuntuak begirada blokeatu zidana. Edo bai? zergatik ez? edo artearen sareak lotuta neukan? Naturan topatzen dugun edertasun neurrigabekoa. Gure ingurunean dauden marra eta lerro hunkigarri eta ederretan antzekotasunak topatzeko beharra. Edonon topatu daitekeela irakaspen eder bat frogatuz.
Metaforak metafora, zientzia eta artea elkartuz, imajinazio edota fantasia pittin bat gehituz batzuetan, ikusi, ikasi eta disfrutatu dezakegun hori guzti horretan barna gidatzen.Geometria erakusketa paregabea. Fruitu hura begiratuz birus "beldurgarrien" itxura zeukala iruditu zitzaidan. Itxura baino ez zen arren,
birusen egitura irakasteko estrategia modura erabiltzea bururatu zitzaidan. Egia esan geometrian izan ezik, ez du bestelako parekotasunik. Baina bere edertasunak liluratu neukan.
Irudian ikus dezakegun bezala, nukleokapsida deritzogun barneko egitura hori, zurruna da zuhaitzaren fruituaren kasuan (
poliantokarpoa), eta bertara atxikituta kanporantz, hazia gordetzen duten egitura bitxi piloa (
akenioak). Birusaren metaforan berriz, hazi modura material genetiko birikoa izango genuke eta egitura zurrun horren periferian kokatua egon beharrean, barnean egongo litzateke, kapsidaren barnean alegia.
Adibide hau, bildukia duen birus batena izango litzateke. Hau da, mintz plasmatiko batez inguratuta edo bilduta dauden birusak.
Baina desberdintasun eta zehaztasunak alde batera,
txikitan landatu nuen zuhaitz horren fruituek,
naturaren edertasuna nire ikasleekin konpartitzeko beta eman zidaten. Hala da bai, aitonarekin batera, etxe ondoko lorategian landatu nuen arbola
Platanus hispanica bat izan zen. Eta gogoan baduzue, lehen esan dizuedan bezala, lorategi hura espaloi handi batengatik ordezkatu zuten. Hala ere, bi eremu txiki mantendu dituzte eta zuhaitz gutxi batzuk salbatu dira. Eta, aittitte,
han jarraitzen du elkarrekin landatu genuen hura. Han jarraitzen du.
Zauden leku horretako lorategiak eder izango dituzulakoan...