Debekutik debekura: Lan Harremanetako Zuzendaritzak debekua ezarri zigun, argudiatuz Lakuan ezin genuela egin "prestakuntza sindikal saiorik".
Debekuaren aurrean, "prestakuntza saioa" ez, baina "langile-batzarra" egiteko baimena eskatu genuen premiaz, eta horretarako baimena eman zigun ostera (batzar-ordu mugatuen kaltetan, hain zuzen). Alabaina, itzultzaileak gurekin harremanetan jarri ziren hurrengo egunean, harrituta, euren parte-hartzea bertan behera geratzen zela ohartarazi zietelako HPS-tik.
Antolatzaileok artean ez genuen beste debeku horren berririk, baina HPS-ra deituta, erantzun ziguten aldibereko itzulpen zerbitzua eskuratzeko debekua ezarri ziela Lan Harremanetako Zuzendaritzak.
Jaurlaritzak euskaltzaleoi zangotraba?
Lan Harremanetako Zuzendaritzari luzatu genion debekuaren zergatiaz galdera, baina ez digute erantzun oraindik.
Euskararen erabileran urratsak (aurrera) egiteko prest gauden erakundeoi, lagundu barik trabak jartzen bazaizkigu, zelan gura du Jaurlaritzak euskararen erabilera normalizatu?
Jaurlaritzan zeharkakoak dira genero-berdintasuna eta euskararen normalizazioa?
Genero berdintasuna eta euskararen erabileraren normalizazioa zeharkakoak balira, oztopoak barik, laguntza eta babesa jasoko genituen Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Tamalez ez da horrela izan.
Martxoaren 8ko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuen Eusko Jaurlaritzak, lehenago Euskaraldia sustatzera deitu zuen legez, baina genero berdintasunaren alde euskaraz egitekoa zen saio bati babesa eman ordez oztopoak jarri dizkigu bata bestearen atzetik.
Oso kezkagarria iruditzen zaigu jazo dena, eta gertatutakoa salatzeaz gainera, gustatuko litzaiguke gure gutunak Eusko Jaurlaritzaren baitan hausnarketa eragitea. Elkarlanerako prest, beti ere.