Javier Torre berretsi dute UAGAko lehendakaritzan

Erredakzioa 2019ko mar. 20a, 13:51
UAGA sindikatuko zuzendaritza berria. UAGA

Zazpi gizonek eta emakume batek osatutako zuzendaritza-batzordea aukeratu dute Arabako sindikatu nagusia hurrengo lau urteetan gidatzeko; kontinuismoaren alde egin dute lehen sektorean.

Javier Torre buru duen zuzendaritza-batzordea – zazpi gizonek eta emakume batek osatuta– aukeratu dute UAGA sindikatua gidatzeko hurrengo lau urteetan. Hala, 2015etik Torreren lantaldeak egindako lana berretsi dute lurraldeko abeltzainek eta nekazariek, eta Erriberabeitiko nekazariaren taldeak beste lau urtez zehaztuko ditu lehen sektoreko Arabako sindikatu nagusiaren lehentasunak.

UAGAko lehendakaritza okupatzeko aurkeztu ziren beste bi hautagaiek ere boto kopuru handia lortu zuten asteartean Gasteizen ospatu zuten batzar orokorrean: Luis Zaballak 86 boto jaso ditu, eta Cesar Izar de la Fuentek, berriz, 75. Estreinakoz, hiru hautagaien artean aukeratu behar izan dute botoa ematera animatu diren lurraldeko 268 nekazariek, eta lehia estua izan da: Torrek botoen %40 lortu du, Zaballak botoen %32 eta Izar de la Fuentek %28. Guztira, UAGA sindikatuak 1.270 afiliatu ditu.

Lehendakaritza berretsi eta gero, Torrek konpromisoa hartu du 2015. urtean hasitako bidearekin jarraitzeko, eta erronka nagusietan sakontzeko garaia dela azpimarratu du: "Berriro, Arabako lehen sektorearen erreferentea izatea, errespetua berreskuratzea, gizartearen zein instituzioen babesa lortzea, eta gizartearekin zein afiliatuekin komunikazioa hobetzea". 

UAGAko lehendakaria aukeratu duten batzar orokorrean, sindikatuaren aurrekontuak ere onartu dituzte. 2018. urtea 7.520 euroko superabitarekin itxi dute,  eta aurten 858.927 euroko sarrerak aurreikusi dituzte eta 893.624 euroko gastuak. "Galera txikiagoa izatea espero dugu, baina hobe da zuhur jokatzea", azaldu dute sindikatutik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide