Bigarren larruazal gisa funtzionatzea. Horixe da Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek garatu duten aposituaren helburua. Apositu berriarekin "zauria babestu, hidratatu eta orbaintzeko prozesua" erraztuko dela azaldu du EHUk, ohar batean.
Apositua sortzeko polimero biodegradagarri bat, aloe vera landare ezaguna eta nanopartikula lipidikoak baliatu dituzte, eta elektroardazketa izeneko prozesu baten bitartez ehundu dituzte material horiek guztiak. Elektromagnetismoari lotutako hainbat kontzeptu biltzen ditu teknika horrek. Elektroardazketari esker, aukera dago zaurietan erabiltzeko moduko ezaugarriak dituzten ehunak sortzeko. Tartean, azalera zabala, porositatea eta erizaintzan erabiltzeko moduko beste hainbat propietate mekaniko interesgarri. Bereziki zauri kronikoak dituzten gaixoek eskertuko dute aurrerapena. Orain arte arratoi diabetikoetan egindako probetan ikusi dute aposituak "nabarmen lagundu" duela zauriak ixten. EHUko Farmazia Fakultateko NanoBioCel Taldeko kide Itxaso Garcia Oruek gidatu du lana, eta emaitzak International Journal of Pharmaceutics aldizkarian zabaldu dituzte.