150 kilo zabor inguru jaso dituzte Lezen, Zaldibartxon eta Zalduondon

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko mar. 18a, 16:12
Gorbeia parkean jasotako zaborra. KROMLETX

Libera proiektuaren baitako zabor bilketa egiten ari dira herritar boluntarioak hainbat udalerritan.

Zalduondon eta Gorbeia zein Aizkorri-Aratz parke naturaletan, zaborra jasotzeko auzolana egin dute dozenaka herritarrek Libera ekimenaren barruan. Egitasmoa 2017an sortu zen, naturan botatako zaborraren kalteak murrizteko eta sortzen dituen arazoen inguruan ohartarazteko. SEO-BirdLife taldeak bultzatzen du ekimena, eta Araban, martxoaren 9an eta 10ean egin dute zaborraren bilketa parke naturaletan, eta iragan igandean bertan, Zalduondon.

Aizkorri-Aratz parkean Lezeko haitzuloaren ingurua eta bertan dagoen askaldegia aukeratu dituzte boluntarioek garbiketa egiteko. Lezeko piknik-gunean jasotako lau gauzetatik bat zigarro-puntak izan dira (%25). Paperezko zapiak eta aluminio-paper ugari ere jaso dituzte. Lezera bidean, berriz, jaso duten zaborraren artean, hirutik bat beira zatiak izan dira (%33), eta ondoren mota guztietako plastikoak. Guztira, 15,8 kilo zabor jaso dituzte.

Bestalde, Gorbeiako Parke Naturalaren Zaldibartxoko bidean eta Igatseko larreetan 31,4 kilo zabor jaso dituzte. Igatseko larreetan jasotako hiru gauzetatik bat plastiko zatiak dira (%33), eta ondoren paperezko zapiak. Zaldibartxoko bazterretan ere, jasotako hiru gauzetatik bat beira zatiak dira (%33). 

Halaber, Zalduondoko  herritarrek Uliar-Ametzaga ibaia garbitu zuten aurreko igandean, eta ehun kilo zabor jaso dituzte. Denetariko zaborra jaso dute hiru ordutan, hala nola, latak, gurpilak, plastikoak, poliestirenoa…

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide