Alavesek bolada ezin hobean jarraitzen du

Ibon Gorrisi 2019ko mar. 16a, 19:45
Lortutako hiru puntuei esker, sailkapeneko bosgarren postuan jarraitzeko aukera du Alavesek. / ALAVES

Huescari 1-3 irabazita, Europarako sailkatzeko urrats sendoa eman du.

Talde arabarrak ametsa betetzeko aurrerapauso garrantzitsua eman du. Huesca taldeari bat eta hiru irabazi dio eta lorturiko hiru puntu horiek aukera ematen diote sailkapeneko bosgarren postuan jarraitzeko. Argi eta garbi dago taldea sendotasun ikaragarria erakusten ari dela. Izan ere, seigarren neurketa izan da galdu gabe.

Lehen zatian, ez bairik gabe, bideo epaile laguntzaileak partidaren nondik norakoak baldintzatu ditu. Hamaikagarren minutuan Alaves taldearen aldeko penaltia adierazi du eta hiru minutu beranduago Huescaren alde. Biek ala biek saretara bidali dute eta horren ondorioz banako berdinketa. Hortik aurrera parekotasuna izan da nagusi. Huescak jokoaren ekimena eraman du baina Pacheco atearen aurrean arrisku gehiegirik sortu gabe. Talde arabarra, ohi bezala, atzealdean oso ondo aritu da. Gainera, zenbait partidetan jokatu gabe izan ondoren, Martin hasierako hamaikakora itzuli da. Zelai erdian Pina eta Darko bikotea nekaezina da defentsa lanetan. Aurrealdean, Inui eta, batez ere, Jony bolada ezin hobean daude. Puntan, Callerik, aspaldiko partez, penaltiz gola egin du eta Borja Bastonek lan isila egiten du.

Bigarren zatian, gauzak ez dira batere aldatu. Gainera jokoa trabatu egin da bi taldeek atzealdean zirrikiturik uzten ez zutelako. Joan-etorri horretan Huescak aukera paregabea izan du gola egiteko baina egindako errematea langara joan da. Abelardok aldaketak egin ditu, Guidetti eta Manu Garcia zelairatu ditu. Emaitza ezin hobea eman diote. Izan ere, partida une erabakigarrietan sartzen ari zela, Guidettik alboko sake baten ondoren bat eta bikoa jarri du markagailuan. Gol horrek min ikaragarria egin dio behetik gora ari zen Huesca taldeari. Handik bost minutura Callerik hirugarrena egin du. Guidetti golik gabe ari zen denboraldi honetan eta argentinarrari kostatzen ari zitzaion azken neurketetan gola egitea. Bada, biek gola egin dute eta taldeari hiru puntuak eman dizkiote.

Europa hor dago, gero eta hurbilagoa. Hurrengo neurketa Atletico Madrilen kontra Mendizorrotzean izango da. Bi taldeak sailkapenaren goialdean daude, horrexegatik oso partida polita izango da. Eta zergatik ez, partida hori irabaziz gero Txapeldunen Liga pentsatzen hasteko unea izango da. Ametsak ez du etenik.

Huesca: Santamaria; Miramon (28’. Rivera), Mantovi, Dieguez, Pulido, Ferreiro, Alex Gallar (61’. Cucho Hernandez), Herrera, Moi Gomez (82’. Juanpi), Chimy Avila eta Enric Gallego.

Txartel horiak: 38’. Ferreiro

Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Maripan, Martin; Pina, Darko Brasanac (78’. Manu Garcia); Inui, Jony (83’ Wakaso), Borja Baston (72’. Guidetti) eta Calleri.

Txartel horiak: 32’. Laguardia, 89’. Maripan, 91’. Pina

Golak:

0-1: 11’. Calleri (penaltiz)

1-1: 14’. Avila (penaltiz)

1-2: 80’. Guidetti

1-3: 85. Calleri

Alcoraz futbol zelaiko harmailak:

Ia-ia 7.000 ikusle bildu dira Huesca eta Alavesen arteko neurketa ikusteko. Eguerdi zoragarria futbolaz gozatzeko eta zer esanik ez garaipena lortuz gero. Arabatik joandako ehunen bat ikusleak partida osoan zehar kantuan aritu dira eta txalo zaparradarekin agurtu dituzte jokalariak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide