Txema Blasco

"Ofizio honetan, egoa puztuta bizi direnak dira arriskutsuenak"

Anakoz Amenabar 2019ko mar. 20a, 14:05

Txema Blasco aktorea, Gasteizko Alde Zaharrean. Argazkia: Erlantz Anda /ALEA

Kontulari lanak utzi eta aktore lanetan hastea erabaki zuen Txema Blascok, 50 urte zituela. Hiru hamarkada beranduago, 'Segoviako ihesa', 'Tasio' edota 'Vacas' ezagunak dira parte hartu duen pelikula zerrenda amaigabeko batzuk.

Aktore ofizioari berandu heldu bazion ere, 50 bat urterekin, aurretik egin gabe utzitakoak berreskuratzeko lain egin duela pentsa dezake norbaitek. Urte hauetan, 81 pelikulatan parte hartu du, eta 165 labur ditu bizkar  gainean, hainbat antzezlan eta telebista serierekin batera. Xehetasunik ez ahazteko, lan guztiak txukun zerrendatuta ekarri ditu elkarrizketara. Ofizioa pasioz bizi du Txema Blascok (Gasteiz, 1941), eta bide oparoa egiten  jarraitu nahi du, proiektu berriekin eta etorriko direnen zain, bidean "arantza" bat edo beste kendu behar badu ere.

Iaz hiru film luze eta labur batean parte hartu zenuen. Ez duzu erritmorik galtzen... 

El silencio de la ciudad blanca, Lo nunca visto eta Juanita izan ziren azkeneko pelikulak iaz, eta Ruben Salazar zuzendariarekin beste bat izango dut aurten, urrian; pozik egin ditut harekin bi labur, eta gustora parte hartuko dut hurrengoan ere. Ahal dudan bitartean, behintzat, aktore izaten jarraitu nahi dut. Horrek asetzen nau, ez dakit besterik egiten, eta momentuz gidoiak ikasteko memoria ona daukat.

Zer izan behar du proiektu batek erakartzeko? 

Egia da ez dudala galbahe zorrotzik jartzen  kar kar. Ez dakit ezetz esaten, eta are gutxiago gazteak badira proiektua aurkeztu didatenak. Eurei nire ekarpena egitea gustatzen zait, eta eurengandik ikastea. Gustora sentitzen naiz haiekin. Nahiz eta gidoi txarrak ere hartu ditudan, dena esan behar bada... Normalean, baina, gazteek irudimen handia dute eta gauza ederrak egiten dituzte; begira, bestela, Paul Urkijok Errementari aurretik egin dituen laburrak! 

 

"Julio Medemek eta 'Vacas' pelikulak ireki zidaten aktore profesional izateko bidea"

Zer pertsonaiari diozu kariño handiena? 

Vacas filmeko Manuel Irigibeli. Pertsonaia horrek ireki zidan nolabait aktore profesionala izateko bidea, 1992. urtean. Pelikula grabatu ostean, Elizondoko Baztan hotelean elkartu nintzen Julio Medem zuzendariarekin, eta bi galdera egin nizkion: "Nola egin dut pertsonaia?" eta "Uste duzu aktore izateko balio dudala?". Medemen "bedeinkapenarekin", kontulari lana utzi eta aktore izango nintzela erabaki nuen.

Erabaki hori aurretik ez hartzeaz damutu zara?

Hartu ahal izan nuenean hartu nuen. Ez nuen beste aukerarik izan. Gasteizko Rioja kalean jaio nintzen, ama gazterik hil zen, aitak inprimategi batean egiten zuen lan, eta hiru anai-arrebak ere laster hasi ginen lanean. Mandatari moduan hasi nintzen hamalau urterekin, gauez ikasketak egin bitartean: Ramiro de Maeztun batxilerra, eta Arte eta Lanbide eskolan mekanografia eta bestelako kontuak ikasi nituen. Egia esan, aitak ez ninduen aktore izatera animatu eta berandu arte ez nuen profesio moduan izan, baina aktorearen harra barruan neraman aurretik.

Pailazo moduan ere aritu zinen, ezta?

Aitaren lehengusu batekin egin nuen lehen saioa, Ramon Jimenez Martinez Zape pailazoarekin. Berak eman zidan lehenengo sudur gorria, eta Txirinbil dantza elkarteko abarkak jantzita egin nuen lehena. Herritarrek txalo zaparradarekin hartu zuten saioa, eta bata bestearen atzetik egiten hasi ginen:  4.317 saio egin nituen. Laster, hain zuzen, Zape-ri omenaldi bat egingo diogu, eta hori ere prestatzen nabil egun hauetan.          

Antzerkian ere lan ugari egin dituzu.

Bai, eta egia da faltan botatzen dudala taula. Gasteizko lehendabiziko Antzerki Jaialdian, esaterako, Felix Gonzalez Petiteren eskutik parte hartu nuen, eta ondoren beste hainbat pertsonaia etorri ziren. Zarzuelaren bat ere zuzendu dut, eta pozik geratu dira emaitzarekin; baliabideak ez dituzunean irudimena izaten da giltza, eta aurretik afizionatu lan ugari egin dugunok badakigu zer den hori.

Nola prestatzen dituzu pertsonaiak? Zeri erreparatzen diozu?

Pertsonaia guztiak kalean daude. Denak. Hor bilatzen ditut nik pertsonaiak. Gogoan dut Juanma Bajo Ulloaren Alas de mariposa egin nuenean, Gasteiz Etorbidetik makuluarekin zebilen agure bat jarraitu nuela detektibeen pare; eskaparateetan geldialdiak eginez. Nola mugitzen zen ikusi, egiten zituen keinuak errepikatu... eta agure hori izan zen egin nuena. Jendea patxadaz begiratzea gustatzen zait pertsonaiak prestatzeko, eta, noski, zure ekarpena eginez. Errealitatetik edaten dugunarekin osatzen dira pertsonaiarik aberatsenak, ingurua behatu, albisteei adi jarraitu...

Albiste politikoek kezkatzen zaituzte? 

Bai, noski. Zoratuta daude gure politikari hauek! Askotan etsigarria da egoera; elkarri mokoka igarotzen dute legealdia, benetako edukiei heldu gabe, eta horrek asko amorratzen nau. Elkarrizketa behar da, negoziazioa, eta horrek denek pixka bat galtzea esan nahi du, baina ez dago modurik; sokatiran ari dira. Atzera begiratzen dut maiz, eta ez dut esango garai hoberik izan denik, baina faltan botatzen ditudan gauzen artean "elkarlana" nabarmenduko nuke. Eta ez politikarien artean bakarrik, aktoreon artean ere lehen elkarlan handiagoa zegoela iruditzen zait; Gasteizen, sarean hainbat gauza egiten ziren, eta lehiakortasunak horrekin amaitu duela uste dut.

Lehiakortasun handia nabari duzu aktoreen artean?

Ofizio ederra da hau, baina arantzak ere baditu, noski. Gero eta lehiakorragoa da, eta bakoitzak bere aldera begiratzen du. Baina horrek baino gehiago kezkatzen nau beste gauza batek; egoa puztuta bizi direnak dira arriskutsuenak. Eta halako batzuk topatu ditut bidean; figura batzuekin lan egitea zaila da, jainkoak sentitzen direlako. Barkatu, baina hau bide luzeko ofizioa da, eta gogorra, lelokeria gutxiago beraz. Eta ez daukat lotsarik esateko horietako bat topatu nuela Cuéntame seriean; protagonismo zertxobait kendu dioten aktoreak kanporatzeaz arduratu da pertsona hori, tartean ni neu. Horiek dira bidean aurkitzen dituzun arantzak. Zortzi denboraldi izan ziren seriean, halere, Madrilen lanean, eta esperientzia ederra izan zen, besteak beste, Maria Galiana moduko aktoreekin lan egiteagatik. 

Zure semeak ere aktore izan omen nahi zuen, baina... 

Bai, eta egia da nik ez nuela behar beste animatu kar kar. Lehenik eta behin, oinarri bat, ikasketa batzuk izatea aholkatu nion, eta gero nire babes erabatekoa izango zuen hartzen zuen erabakian, baina azkenik beste bide batetik jo zuen. Gorabehera handiko ofizioa da, eta desio behar duzu jarraitu ahal izateko, bide luzea baita. Bizitza diferenteak bizitzea ekarri dit lan honek, esperientzia oso aberatsak izatea, eta berriz aukeratu beharko banu, ez nuke zalantzarik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago