Gasteiz, Zuia, Maeztu, Arespalditza eta Guardia bisitatuko ditu Laburbira film laburren programak. Apirilaren 3an izango dira proiekzioak Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, 4an Guardiako zineman eta Murgiako Administrazio Batzarraren egoitzan, eta azkenik, apirilaren 5ean Arraia-Maeztuko udaletxean eta Arespalditzako udaletxean.
Hamaseigarren edizioa bederatzi film laburrekin dator, guztiak 2016 eta 2018a bitartean egindakoak: maitasun istorioak, tentsio bizikoak, bi animaziozko lan, iraganeko kontakizunen bat, Nafarroa Behereko istorio bat, magia, intriga eta umorea dira, besteak beste, aurtengoek dakartena.
Sortzaile gazteen lanak dira gehienak eta esperientzia luzeko zuzendarienak beste batzuk. Bederatzitik zazpi emakumeek zuzendutakoak. Denak uztartuta, ordubeteko proiekzioa osatu dute. Begi ninien koreografia, Arrate Fernandez Itsasorena; Shell Phone, Miren Mujikarena; Ama, Josu Martinezena; Zapatak, Irati Muruarena; June, Arantza Ibarrarena; Ilunpean, Lapatx fims taldekoa, Hotzean garbitu, Maddi Barrenetxa eta Marta Teijeirarena; Erroak Ane Zauzubiskarrena; eta Handiak eta Txikiak Laida Ruizena dira aurkeztuko diren film laburrak.
Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen Laburbira zirkuitu ibiltariak Euskal Herriko eta mugaz gaindiko aretoak bisitatuko ditu, bi helbururekin: euskaraz aritzen diren sortzaileen film laburrak ezagutaraztea eta ikusleei ordu bete inguruko proiekzio entretenigarri batez gozaraztea.