Armagintza eta euskal erantzukizuna

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Etaio, EHUko irakaslea 2019ko mar. 11a, 13:52

Gerrarako Eusko Label Armak ekinaldia aurkezteko egindako agerraldia. / Alea

"Ez dezagula saldu eta ez dezagula erosi ankereria hau lanpostuen izenean"

Kontzientziaren mugetatik haratago izenburupean argitaratu zuen Günther Anders filosofoak Hiroshiman bonba atomikoa jaurtitzeko agindua eman zuen Claude Eatherly soldadu ohiarekin izandako eskutitz-trukaketa. Eatherly psikiatrikoan zegoen, errudun-kontzientziak jota, nahiz eta AEBetan askorentzat heroi bat izan. Anders-entzat, munstrokeria horren erantzuletako bat izan arren, biktima ere bazen. Nahiz eta administrazioak buru-gaixotzat hartu eta itxi, bere ingurunea baino osasungarriago zegoen, erruaz kontziente zelako eta ahaztu nahi ez zuelako. Aldiz, egindako basakeria gainditu eta normaltasunez bizi ziren soldadu ohiak osasuntsu omen zeuden jendarte horretan.

Aipatutako liburuak hemen bertan hausnartzeko egunerokotasun osoko elementuak ditu. Euskal Herritik bonba atomikorik jaurti ez badira ere, herri batzuen hondamendia dosifikatzen da. Gasteizen egindako Gerrarako Eusko Label armak jardunaldietan salatu denez, hemen armagintza oso presente dago, nahiz eta Radio Euskadiko elkarrizketa batean Urkullu ehiza-armetara mugatzen saiatu. Ekoizpen soilik militarra ala zibila ere daukaten enpresak 100 baino gehiago dira Euskal Herrian (ikusi web-ean Gasteizkoak kolektiboaren Estas guerras son muy nuestras). SAPA, Aernnova, ITP edo Sener bezalako enpresek bere lanean darraite, banku askoren (BBVA, Caixabank, Caja Rural, Kutxabank…) finantzazioa eskuratzen eta instituzio publikoen (nagusiki Eusko Jaurlaritza, baina ez bakarrik) diru-laguntzak eta sariak ere jasotzen. 

Bitartean, milaka kilometrotara, pasa den urtera arte Bilboko portuan ontziratutako bonbak Yemenen etengabean erortzen dira, euskal piezez hornitutako Eurofighter-rek Yemen eta beste herri batzuk bonbardatzen dituzte edota hemengo enpresekin kolaborazioak dituen sektore aeronautiko sionistak palestinarren garbiketa ahalbidetzen du. Era berean, euskal unibertsitate publiko zein pribatuetan garatzen den ikerketak eta sinatzen diren hitzarmenek heriotza-industria honetan topatzen dute ere beren aplikazioa. Beste herrietako biktimen odolak ez du Euskal lurra zipriztintzen fisikoki baina hemengo enpresa, instituzio eta langile asko heriotzaz, mutilazioaz eta dramaz zikinduta daude.

Izan ere, heriotza-industria kate luze bat da, non eragile askoren inplikazioa behar den, enpresarietatik haratago. Eskrupulurik gabeko negozio huts bat da haientzat, non etika lehiakortasunerako oztopoa baino ez den. Humanismo baloreen izenean negozio hori alboratzeko eskatzea harrapakaria belarjale bihurtzeko eskatzea bezain alferrekoa da.

Historiak erakutsi digu ere kapitalismoak ez duela funtzionatzen merkatu libre batean eta kapitalistek Estatuaren instituzioen estaldura daukatela beren jardueretarako. Euskal armagintzak jasotzen duen diru publikoak baita ikerketa zentro publikoekiko kolaborazioek agerian uzten dute instituzioen erantzukizuna. Nagusia den klase burgesaren interesak defendatzeaz gain, gainontzeko herritarren interesak defendatzea omen badagokie, ez legoke gaizki beste herrietako pertsonen interesen alde egiteko eskatzea, hemen ekoiztutako gailuek hilda ez izateko eskubide apala bada ere… Nahiz eta inposturik ez ordaindu hemen, bizitzarako eskubidea daukate beren herrietan.

Beste aldetik, ezin dugu ahaztu langileak ere kate horren ezinbesteko parte direla, armen diseinuan, ekoizpenaren fase ezberdinetan, logistikan edo armen garraioan. Kate-begi hauek gabe, heriotza-kiribil honek ez luke jarraituko herriak eta pertsonak triskatzen. Anders-ek azaltzen zuen gehiegitan ez ditugula lotzen gure ekimenak eta ondorioak, eta ohartarazten zuen bakoitzaren lana diluitzen eta ondorioen arduraren karga desagerrarazten saiatzeaz. Ihesbide ezberdinak daude kontzientzia deskargatzen saiatzeko: ekintzaren ondorioa zorian utziz (fusilamendu pelotoietan jaurtigairik gabeko fusilen moduan, agian nik ekoitzitako bonbek ez dute inor afektatu… ez dut inoiz jakingo), norberak egin ezean beste batek egingo lukeela, lan bat egitera mugatzen ari dela, aginduak betetzen ari dela (erantzukizun osoa beste bati transferituz) edo elikatu beharreko seme-alaben defentsak beste seme-alaben heriotza edota mutilazioak justifikatzea ("nireak", inoiz ezagutuko ez ditudan "beste horien" gainetik).

Baina parte-hartzaile zuzenez gain, jendarte baten parte bezala guztiok daukagu erantzukizuna. Ezaguna da III Reich-ean sarraskien aurrean Alemaniako populazioak izandako konplizitatea edota Argentinan 30.000 lagun desagerrarazi zutenean klase ertaineko zati handiak izandako ez-sinetsi-nahi jokabidea, suma zitekeena ez zela hainbesterako izango auto-sinestaraziz. Hurbilago, azken hamarkadetako milaka tortura kasuen aurrean ukatze edota gutxitze jarrera oso zabalduta egon da askoren artean hemen ere. Galdetu behar diogu gure buruari ea ez garen antzeko zerbait egiten ari eusko label armagintzarekin. 

Ardura daukagu, lehenik eta behin, hemen zer ekoizten den eta zertarako erabiltzen den jakiteko eta ezagutarazteko, ez-ikuste posizio erosoak alboratuz. Mugimendu antimilitaristak jakinarazi digu aspaldidanik. Horretaz haratago, beharrezkoa da instituzioak presionatzea industria-mota hau bultzada publikorik ez jasotzeko eta erabilera militarrak ez dituzten enpresetara eraldatzeko. Ez dezatela saldu eta ez dezagula erosi ankerkeria hau ekonomiaren edota lan-postuen izenean. Hain era akritikoan barneratzen dugun jendarte solidario izatearen ideia hori astindu behar dugu ere, auto-konplazentzia lasaigarria deseginez. Elkartasun-marketina baino ez diren instituzioen diru-laguntza eta kooperazio-proiektu askok ezin dute zuritu euskal armen ekoizpen eta esportazioaren errealitate gordina. Beste herrien triskantzaren konplize zuzenak edo ez-zuzenak garen bitartean, hemengo gobernu eta instituzioek heriotza-merkatua babesten duten bitartean, ez gara gehiegi ezberdintzen AEBetako jendartetik non Hiroshima bonbardatu zutenek ulertze eta gorespena zeukaten.

Iñaki Etaio, EHUko irakaslea. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago