Alavesek eta Eibarrek bana berdindu dute

Ibon Gorrisi 2019ko mar. 10a, 05:01
Alaveseko jokalari guztiak elastiko moreekin zelairatu dira elkarrekin argazkia egiteko. / ALAVES

Mendizorrotzan bildutakoek kolore moreko giro izugarria bizi izan dute.

Puntuak banatu dituzte Alavesek eta Eibarrek Mendizorrotzan jokatutako derbian. Bost jardunaldi jarraian porrota ezagutu gabe eta partidarik partida puntuak pilatzen goialdean jarraitzeko. Izan ere, sailkapenean 5. postuan baitago.

Eguraldia ezin hobea eta giro zoragarria izan da Mendizorrotzako harmailetan. Hori gutxi ez balitz, zelairatu bezain pronto talde arabarrak argi eta garbi erakutsi du garaipena nahi zuela. Lehen minututik erasora jokatu baitu. Abelardok ohiko sistema erabili du eta bai eskuin zein ezker hegaletik behin eta berriz saiatu dira sartzen. Gol aukerak sortu dituzte baina oraingo honetan Borja Bastonek izandako aukerak ez ditu asmatu. Eibarrek, ordea, arazoak izan ditu bere area ingurutik atera ahal izateko.

Bigarren zatian lehengo lepotik burua hasi da. Halere, berehala kontraeraso bikain bati esker Alavesek bat eta hutsekoa egin du. A zer nolako gola! Ikusgarria, benetan egindako kontraerasoa! Jonyk sekulako jokaldia egin du eskuin aldetik, zelai ia-ia osoa zeharkatu du, baloi aparta sartu dio Inui japoniarrari eta honek patxada handiz saretara bidali du.

Bazirudien gol horrek balio handikoa izango zela, baina usteak erdi ustel. Izan ere, Mendilibarrek berehala egin ditu aldaketak berdinketa lortzeko. Berdegunera Cucurella eta Marc Cardona atera dira eta Eibarren jokoa erabat aldatu da. Hortik aurrera jaun eta jabe izan dira. Alderik alde mugitu dute baloia eta gol aukerak sortu dituzte. Horietako batean, 72. minutuan, hain zuzen ere, Marc Cardonaren gola etorri da. Jokaldi bikaina ere, Orellana eta Peña eskuin aldetik egin dutena. Egindako erdiraketa jaurtiketa bikaina eginez saretara bidali du Cardona aurrelariak. Hortik aurrera ezer gutxi, bi taldeak konforme agertu dira emaitzarekin.

Puntutxoa lortuta, hurrengo neurketan pentsatu beharra dago. Huescaren aurka izango da datorren larunbatean. Partida ez da erraza izango, halere, Alaves erakusten ari dena kontutan izanik, baikor izateko arrazoi asko daude. Ametsak ez du etenik.

--

Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Maripan, Duarte (45’. Adrian Marin); Pina, Darko Brasanac; Inui, Jony (82’. Burgui), Borja Baston (76’. Guidetti) eta Calleri.

Txartel horiak: 53’. Adrian Marin

Eibar: Dmitrovic; Ruben Peña, Ramis, Arbilla, Jose Angel; Orellana, Escalante (53’. Cucurella), Diop, Jordan; Kike Garcia (66’. Marc Cardona) eta Charles.

Txartel horiak: 26’. Escalante

Golak:

1-0: 58’. Inui
1-1: 72’. Marc Cardona

Mendizorrotzako harmailak:

Ia-ia 19.000 ikusle bildu dira giro ezin hobean. Eibartik etorritako zaleek ere giro koloretsua jarri dute harmailetan. Partidaren hasiera hunkigarria izan da. Kiroldeguko harmailan pankarta erraldoia zabaldu dute emakumezko zaleak omentzeko. Izan ere, Tradizio bizia lelopean Paca eta neska gazte bat eskutik helduta agertu dira. Alaveseko jokalariak emakumezkoak zein gizonezkoak elastiko moreekin zelairatu dira elkarrekin argazkia egiteko. Eibarko jokalariek bizkarrean emakumezkoen izenak eraman dituzte. Beraz, Mendizorrotzan egun morea bizi izan dugu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide