Zelan eten zaintza zu bakarrik zaudenean?

MSPE elkartea 2019ko mar. 7a, 20:05

Martxoaren 8an harira, iritzi artikulua igorri du Madres Solteras por Elección elkarteak.

Ama ezkongabeak estigmatizatu egin zituzten urteetan, ezkutatu eta bigarren maila batera baztertu zituzten, indarrean zegoen sistemak errudun jotzen zituelako. Gaur egun, gizarteak gero eta hobeto onartzen eta normalizatzen du gure familia-eredua.

Emakumeok erabakitzen dugu amatasunari buruz eta gure bizitzaren gainerako alderdiak ahaztu barik egin nahi dugu. Baina zailtasun handiak dauzkagu, gure familia-eredua kontuan hartzen ez duten politika publikoek ahaztu eta ikusezin bihurtu gaituztelako.

Gaur egungo datuek zehaztugabeak eta partzialak esaten dute Espainiako gutxienez %10 etxe guraso bakarrekoak direla; horietatik % 83tan emakume bat da familiaburua. Gure familia-eredua etengabe hazten ari da.

Hainbat elkartek eta erakundek egindako txostenek aspalditik esaten dute guraso bakarreko familiak talde ahula garela eta pobreziaren feminizazioaren ondorio negatiboak jasaten ditugula; hala ere, ez da genero-ikuspegia daukan konponbide integralik proposatzen gure beharrizanetarako.

Beste inor ondoan eduki barik ama izatea erabaki dugu eta etxeko sostengatzaile bakarrak gara. Horrek desabantaila gehiago ekartzen dizkigu lanean, gizartean eta ekonomiaren aldetik benetako berdintasuna lortzeko. Etxeko diru-sarrerak gure soldataren menpe daude, eta zaintza-lanek soldata hori baldintzatzen dute. Beste alde batetik, guraso biko familiek baino presio fiskal handiagoa eta laguntza gutxiago daukagu, sistemak guraso biko familia tradizionalentzat diseinatu baitira. Horrek guztiak gure autonomia eta gure familiari (guri geuri eta gure seme-alabei) eskaini ahal dizkiogun aukerak murrizten ditu.

Europako erakundeek onartu dute guraso bakarreko familiek kontziliatzeko zailtasunak dauzkatela. Horrek ondorio zuzenak dauzka generoaren ikuspegitik, lanaren arloan baldintzatuta gauden emakumeak baikara, sustapenerako aukerarik gabe eta lana aurkitzeko arazoekin. Arlo pertsonalean ere kontziliazioa eskasa da edo ez da existitzen eta, azkenik, gizarteak zaintzarako baino ez gaitu kontuan hartzen, onartzen eta ordaintzen ez den zaintza. Europako Batzordeak eta Europako Parlamentuak beren beregi adierazi dute neurri espezifikoak hartu behar direla gure familientzat, gaur egungo politikak ahaztu egin baikaitu. Hain zuzen ere, adingabekoak kontziliazio-politiken erdian jarri behar dira, familia-ereduak baztertu barik, eta zaintzako kostuak gizonezkoen, emakumezkoen eta gizarte osoaren artean banatuz.

2018ko martxoaren 8an, mundu osoko milioika emakume izan ginen greba feminista bateko protagonista eta aurten MSPEko kideek beren beregi egiten dugu bat, ahal dugun neurrian. Gizarteari esan nahi diogu zailtasunak dauzkagula zaintza eteteko, egun bakar bat bada ere, gure seme-alabek gu baino ez gaituztelako. Gure aldarrikapen espezifikoak ere, zailtasun ugari dauzkagun talde garen heinean, mugimendu feministaren aldarrikapenekin batu nahi ditugu eta gure errealitatea kontuan hartzea eskatzen diogu, gure borroka feminista ere badelako.

Zergatik egingo dugu greba?

  • Gure familia-eredua ikusarazi nahi dugu, bai eta aukera-berdintasuna lortzeko jasaten ditugun bereizkeriak eta desabantaila ere.

  • Argi utzi nahi dugu guraso bakarreko familiaburuak diren emakumeentzako eta horien seme-alabentzako aukera-berdintasuna bermatzeko gizarte osoaren erantzunkidetasuna behar dela. Gure amatasunarekin egiten dugun ekarpena baloratu behar du gizarteak, hori ez dadin izan lanaren eta soldataren murriztaile.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago