Arabako Diputazioak Hegoak zerbitzuaren iazko jardueraren balantzea egin berri du. Gizarte zerbitzuetako zuzendari Miren Saratxagak (Urduña, 1987) genero indarkeriaren biktimei emandako arretaren berri eta etorkizun laburrera begira esku artean duten erronkaren berri eman du datozen lerroetan.
Zerk bereizten ditu genero indarkeriari lotuta udalek emandako zerbitzua eta Hegoakek emandakoa?
Normalean, udalek eskaintzen dute genero indarkeria jasaten duten emakumeei zuzendutako lehenengo harrera. Horiez aparte, badago zerbitzu espezializatua; eta hori da, hain justu ere, Hegoak foru zerbitzuak eskaintzen duena. Bi esparrutan egiten du lan horrek: arreta psikologikoa du, batetik, eta juridikoa, bestetik.
Arreta psikologikoari dagokionez, nondik heltzen zaizkizue kasu horiek?
Gehienak, beste zerbitzuetatik bideratuta datoz; lehen atea normalean udal zerbitzuena izaten bada ere, bestelakoetatik ere heltzen dira. Esaterako, Osakidetzatik, Ertzaintzatik edo epaitegitik iritsitakoak ere jasotzen ditugu.
Azken horrekin lotuta, Diputazioa genero indarkeria jasaten duten emakumeei arreta eskaintzeko erakunde ezberdinen arteko batzordea osatzekotan dabil, ezta?
Bai, martxoaren 21rako dago deituta batzorde horren inguruko lehen bilera. Diputazioaren berdintasun planean koordinazio eremuak sortzeko ildo berria aurreikusi zen, eta horren ondorio da esandako batzarra. Egunerokoan agertzen diren arazoak zelan bideratu da horren helburu nagusia, eta horretarako oso garrantzitsua da bakoitzak egiten duen lana ezagutzea. Batzorde horretan eragile ezberdinak egongo dira ordezkatuta: Diputazioa, Eusko Jaurlaritza, Gasteizko Udala, Eudel, Arabako abokatuen elkargoa, Fiskaltza, hezkuntza eta osasun alorretarako ordezkariak eta Lanbide. Elkarlana sustatzea du helburu.
Bestalde, Hegoak zerbitzuaren pasa den urteko memoria aurkeztu berri duzue. Zenbat lagun hurbildu ziren iaz arreta psikologikoa jasotzeko?
Denera, 1.035 pertsona izan ziren. Kontuan hartu behar da horrek ez dituela emakumeak bakarrik artatzen; integrala da eta bost kolektibori ematen dio arreta: indarkeria jasan duten emakumeei, sexu abusuak izan dituztenei, adingabekoei, zeharkako biktimei eta erasotzaileak izan diren gizonei. Logikoa denez, emakumeak izan ziren zerbitzua erabili zuten gehienak: guztira, 881.
Zerbitzua martxan jarri zenetik kopururik altuena izan zen iazkoa. Zer ondorio atera daiteke?
Alde batetik, uste dugu gero eta emakume gehiago direla Hegoak zerbitzu espezializatua ezagutzen dutenak; administrazioen arteko elkarlanak asko sendotu du, eta, ondorioz, handitzen doa kopurua. Bestetik, azpimarratzekoa da genero indarkeriaren aurrean gizarteak duen jarrera gero eta ozenagoa dela eta jakinekoak direla egoera horren aurrean eman beharreko pausuak. Horrek ere eragina izango zuen igoeran.
Guzti horrek aldaketak ekarri ditu zerbitzuan...
Bai, arreta psikologikoa emateko arloa hobetu egin dugu. Pasa den urtean, Gasteizen, astean, 30 ordu gehiago eskaintzen hasi ginen, eta Laudion, 7,5. Horrez gain, zerbitzu berriak jarri ditugu martxan Amurrion eta Agurainen; Guardia, Oion, eta Laudioko deszentralizazioak osatzen dituzte bi horiek. Modu horretan, hitzordu bat, gehienez ere, bi asteko epean ematea lortzen ari gara. Eta bestetik, kontuan izan behar da Araba ez dela bakarrik Gasteiz; kuadrillak baditugula, eta erraztu behar diegula herrietan bizi diren emakumeei horrelako zerbitzu batera joateko aukera izatea. Bide horiez gain, telefono bidezkoa dugu, 945-15 10 15 zenbakira deituta.
Nolakoa da tratu txarrak edo sexu abusuak jasan dituztenen perfila?
Orokorrean, nahiko antzekoa da toki guztietan. Igarri duguna da emakume horien erosteko ahalmena murritzagoa dela. Hau da, bostetik bat langabezian dago eta erdia baino gehiago aktibo badaude ere, askok lan prekarioa dute. Bere bikotekideen batez besteko erosteko ahalmena, aldiz, ertaina eta handia artekoa da. Hor dago aldaketa nabarmenena. Bestalde, hamarretik zortzik seme-alabak dituzte eta ia horietatik erdiek zuzenean indarkeria fisikoa edo psikologikoa jasaten dute.
Adin txikikoak. Nolakoa izan da alor horren bilakaera?
Arreta integrala eskaintzen dugunez, eta adin txikikoak eta beste senideak ere kaltetuak direnez, horiek artatzen ditugu; datuei erreparatuz gero, aipatu behar da %8ko igoera izan duela kopuruak; 78 kasu izan genituen esku artean. Azkenean, emakumeen kopuruak gora egiten duen heinean, ingurukoenak ere gora egingo du; elkar lotuta doaz. Aipatu bezala, bi alorretan egiten duzue lan. Arreta sozio-juridikoaren programa ere baduzue.
Zenbat emakumeri eman zion zerbitzuak arreta?
Pasa den urtean, 318 emakume artatu genituen; 2017an, 297 izan ziren. Prozesuaren aurreko aholkularitza juridikoa jasotzen dute, familia zuzenbideari eta genero indarkeriari buruzko gaietan eta baita prozesu juridikoen jarraipenean ere. Gasteizen, Laudion eta Amurrion dago zerbitzu hori. Gehienak, %79a, banatze edo dibortzio prozedura baten aurrean, hartu beharreko neurriak ezagutzera datoz; tartean, bikote ezkongabeetan gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak arautzeko edo banatzearen ondorioz indarrean dauden neurriak aldatzeko egin beharreko izapideei buruz galdetzen dute bereziki. Dituzten zalantzak argitzearekin batera, genero indarkeria dagoen prozedurei ere jarraipena egiten diegu; azken kasu horretan, iaz, 31 prozedurari jarraipena egin genion. Arreta sozio-juridikoaren zerbitzua eskaintzerakoan, dena dela, ez da lotuta egon behar genero indarkeriarekin; orokorragoa da. Alor honetan, urte osoan zehar, hainbat hitzaldi eskaini genituen aipatu zerbitzua martxan dagoela jakinarazteko.