Zer egin dezakete gizonezkoek M8ko grebari babesa emateko?

Erredakzioa 2019ko mar. 6a, 13:04

Martxoaren 8rako gizonentzako gida. / Alea

Mugimendu feministak greba egiteko deia emakumeei bakarrik zabaltzen die aurtengoan. Gizonezkoek beraien babesa adierazteko, jokaera ezberdinen bitartez adierazi dezakete.

Emakumeek egunero egiten dituzten lanak betetzeko ardura bere gain hartzea eskatzen zaie gizonezkoei. Horrez gain, arlo ezberdin askotan laguntza eskaini eta babesa emateko moduak azaldu dituzte mugimendu feministako kideek.

Mobilizazioetan ere, bigarren plano batean mantentzeko eskatu dute.

Hemen doa, martxoaren 8an etxeko eta zaintza lanez arduratzeko eta greba bultzatzeko gizonentzako gida:

  • Aita bazara zure seme-alabez arduratu eta eztabaida zein ikasle greba lagundu (guraso elkartean, eskolan…).
  • Laguna bazara, zure lagunen umeak zaindu ditzakezu.
  • Lankidea bazara, lantokian emakume* greba zabaltzeko, babesteko, zerbitzu minimoak egiteko edo emakume* lankideen lana egiteko eskaini ahal duzu zure burua. Eguneko soldata mugimendu feministari eman diezaiokezu, edo lantokian emakume* grebarentzat erresistentzia kutxa antola dezakezu.
  • Enpresako nagusia bazara, enpresa itxi eta beharrezkoa bada zaintza kolektiborako espazioa irekitzea ahalbidetu.
  • Ikaslea edota irakaslea bazara, eskolara joango ez diren emakume* ikaskideak eta ikasleen lanuztea babestu eta eskolak zaintza komunitariorako espazio bilakatu.
  • Zure familian, elkarbizitza taldean edo inguru afektiboan zaintza behar duenik badagohas zaitez egun horretatik aurrera ohituraz emakumeok* betetzen dugun lan horretaz arduratzen.
  • Zaintza komunitariorako espazioak autonomoki sortu (lantegietan, eskoletan, gaztetxeetan, e.a.). Gizonek ardura hartu behar dute, helburua ez da emakumeen* laguntzaile izatea.
  • M8rako antolatzen diren bazkari herrikoietan e.a. lana egiteko zure burua eskaini.
  • Zure inguruko norbait zaintzeko soldatapeko emakume bat badago (haur, adindun, bizilagun e.a.) zure burua eskaini zaintza lana egiteko egun horretan.
  • Emakume* batekin harreman sexu-afektiborik baduzu, martxoaren 8an kalean egoteko behar duen laguntza guztia emaiozu.
  • Zabaldu mezua zure lagun eta talde guztien artean. Militantea bazara, eraman zure eremu politikora.
  • Ez kontsumitu. Batu zaitez kontsumo grebara.
  • Greba egunaren aurretik eta ondoren beste gizonezkoekin bildu zaitezke, maskulinitateen inguruan elkarrekin hausnartzeko, lan pertsonala eta kolektiboa egiteko, zuen pribilegioez kontzientzia hartzeko eta menderakuntzarik gabeko jendartea lortzeko bidean pausoak emateko.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago