Bi zinegotzi gutxiago aukeratuko dira maiatzeko udal hauteskundeetan

Erredakzioa 2019ko mar. 5a, 18:19

2015eko udal eta foru hauteskundeak. ALEA

Haranan eta Gaubean bi zinegotzi gutxiago izango dituzte hurrenez hurren; Agurainen bi gehiago.

Aurtengo maiatzaren 26an herrialdeko 51 udalerritan ospatuko diren hauteskundeetan, guztira, 429 zinegotzi aukeratuko dituzte arabarrek, 2015. urtean baino bi zinegotzi gutxiago. Izan ere, Gaubeako eta Haranako udalerrietan jasotzen ari den biztanleen galerak bi udaletako ordezkarien zenbatekoa murriztea ekarri du, eta bi zinegotzi galdu ditu bakoitzak.

Gaubeak 1.038 biztanle zituen orain dela lau urte, eta egun ez du mila biztanleren langa gainditzen. 991 hauteslerekin soilik zazpi zinegotzi aukeratu ahalko dituzte gaubearrek. Haranan, berriz, 259tik 229ra jaitsi dira, eta horrenbestez, zazpi zinegotzitik bost zinegotzira pasatuko dira.

Beste muturrean dago Agurain. Lautadako udalbatzan bi zinegotzi gehiago izango dituzte maiatzetik aurrera, eta, horrenbestez, herrialdeko laugarren udal handiena izango da, ordezkaritza politikoari dagokionez, Gasteiz, Laudio eta Amurrioren atzetik. Agurainen 4.952 biztanle izatetik 5.018 izatera igo dira, eta modu horretan 11 zinegotzi aukeratu beharrean 13 aukeratu beharko dituzte.

Gainerako udalerrietan duela lau urteko egoera errepikatuko da, gutxienez zinegotzien kopuruari dagokionez. Hala, Gasteizek izango du ordezkaritza handiena, 27 zinegotzirekin; bigarren postuan Laudio eta Amurrio daude, bakoitzak 17 zinegotzirekin; 13 ordezkari izango ditu Agurainek; eta 11 izango dituzte Aiaran, Dulantzin, Iruña Okan, Oionen, eta Zuiako udalbatzan.

Ordezkaritza txikiena, bost zinegotzirekin, Añana, Armiñon, Harana, Kripan, Lagran, Leza, Moreda Araba, Navaridas eta Zalduondoko udaletan dago. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago