Duela hainbat urte, krisi ekonomikoa punturik gorenean zegoenean, arrakasta handia lortu zuten irakurleak burtsan inbertitzera animatzen zuten liburuek. Horien artean, Aitor Gonzalez de Zaratek idatzitakoak denbora luzean ez fikzioa alorrean gehien salduenen artean egon ziren. Izenburuek argi erakusten dute liburu horien atzean zegoen filosofia: Espabila y gana dinero con la crisis edota Cambio de vida, cómo me hice rico. Ekonomian esperientzia asko eduki gabe burtsan espekulatzera animatzen zuten liburu horiek, baina, normalean, idazleak eta argitaletxeak izaten ziren dirua irabazten zutenak.
Merkatu horretan beste negozio aukerak baziren. Gonzalez de Zaratek gidatzen zuen FH Inversiones enpresak ikastaro ugari prestatu zituen, tartean bost eguneko campus master izenekoak, 4.000 euroren truke.
Orain azaleratu dira negozio horretan izandako irregulartasunen zantzuak. Hainbat hedabidetan zabaldu denez, hiru lagunek Gonzalez de Zarateren eta haren bi kideren aurkako kereila aurkeztu dute Gasteizko epaitegietan, iruzurra egitea leporatuta. 2012an hiru lagun horiek ia 600.000 euro jarri omen zituzten Gonzalez de Zarateren esku, inbertsioak egin zitzan. Halere, bi urte pasa zirenean, dibidenduak banatzeko garaia iritsita, Gonzalez de Zaratek posta elektroniko bitartez erantzun zien diru hori galduta zegoela, broker baten erruz. Orain, Baskoniako jokalari ohi izandakoa desagertuta dagoela salatu dute.
Saskibaloi profesionala utzi zuenean Gonzalez de Zarate trading-aren alorrean espezializatu zen, bereziki espekulazioan oinarritzen den gerokoen merkatuan. Merkatu horren funtsa da orainaldian salerosketa bat egitea, baina ondasun horrek etorkizuneko une zehatz batean izango dituen baldintzetan, teorian horiek ezagutu gabe. Haien izaera dela eta, salerosketa horietan informazio pribilegiatua izatea erabakigarria izan ohi da. Beti ere, noski, informazio hori fidagarria bada.