Autobusa ezohiko tokietan gelditzeko eskatu ahalko dute emakumeek

Erredakzioa 2019ko otsailaren 27a

Autobusetan neurri berriak onartu dituzte. ALEA

Sei urte arteko haurrek eta desgaitasunen bat dutenen laguntzaileek ez dute txartela ordaindu beharko.

Hemendik aurrera, sei urte arteko haurrek eta desgaitasunen bat dutenen laguntzaileek foru garraio publikoa doan erabiltzeko aukera izango dute. Modu horretan, garraio publikoaren erabilera bultzatu nahi dute, familien eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen artean. Orain arte, bost urte arteko haurrek zuten foru garraio publikoa doan.

Bestalde, emakumeek eta haurrek autobusa ezohiko tokietan gelditzeko eskatu ahalko dute aurrerantzean. Geraleku berriak ohikoen osagarriak izango dira, eta aldez aurretik eskatu behar zaizkio gidariari. 

Bide Azpiegitura eta Mugikortasun sailak autobusen geltokien inguruko azterketa egin du Araba osoan, eta ondorioz 50 bat geraleku gehiago jartzea erabaki du, hogeita hamar bat udalerritan, hala nola, Agurainen, Dulantzin, Artziniegan, Guardian, Lapuebla de Labarcan, Araian, Espejon, Amurrion, Legution, Bastidan eta Gasteizen. Geltoki horiek 18:30etik aurrera eskatu ahal izango dira, azarotik martxora; eta 21:00etatik aurrera, apiriletik urrira.

Eskuorriak banatuko dira datorren astetik aurrera autobusetan, ezohiko geltokien berri emateko. Neurria martxoaren 2tik aurrera abiatuko da.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago