Alavesek aukera galdu du sailkapenean gora egiteko. Puntu bakarra lortu du Celtaren aurka, “ez gatzik ez piperrik” jokaturiko partidan. Ez golik ez jokorik, joan-etorriko norgehiagokan. Oso gol aukera gutxi izan dira eta, ezbairik gabe, zaleen kantuak izan dira gatza eta perrexila.
Egia esanda, talde arabarrari azken neurketetan asko kostatzen zaio gola egitea. Abelardok zuzentzen duen taldeak lan ikaragarria egiten du. Atzealdean oso sendo aritzen da. Zelai erdian aritzen direnek kilometroak eta kilometroak egiten dituzte, jokoa moztu, jokoa sortzen eta zenbaitetan erremateak ere egiten dituzte. Eta aurrealdean, zer esanik ez, Inui, Jony eta Calleri jokalariek ahaleginak eta bi egiten dituzte gol aukerak sortzeko. Halere, lan guzti horrek ez du fruiturik ematen. Izan ere, Celta taldea egoera larrian zegoen eta horrexegatik bost atzelariekin jokatu du. Horren ondorioz zailtasun izugarriak izan ditu Alavesek area ingurura hurbiltzeko.
Lehen zatian, oso gol aukera gutxi sortu dituzte bi taldeek; gutxienez, Celtak bi erremate egitea lortu baitu. Bata, 9. minutuan Brais aurrelariaren bitartez eta 30. minutuan Maxi Gomezek jaurtiketa egin du eta Pachecok inongo arazorik gabe geratu du. Gainontzeko minutuetan zelai erdiko jokoa izan da nagusi. Batak zein besteak ez arriskatzea erabaki dute.
Bigarren zatian, Alavesek lerroak pitin bat aurreratu ditu garaipenaren gola lortu ahal izateko. Arriskua sortu du baina egindako jokaldi guztiak ezer ezean geratu dira. Halere, Maripanek aukera paregabea izan du 1-0ekoa markagailuan jartzeko, baina area txikian egindako bat-bateko errematea bikain desbideratu du Rubenek. Ai ze pena!
Beste puntutxo bat eta sailkapenean hor goialdean jarraitzeko aukera. Hurrengo norgehiagoka larunbatean izango da arratsaldeko 16:15ean Vila-real taldearen aurka.
Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Maripan, Duarte; Pina, Manu Garcia, Darko Brasanac (74’. Wakaso); Inui (74’. Rolan), Jony eta Calleri (80. Baston).
Txartel horiak: 45’. Ximo Navarro, 59’. Duarte
Celta: Ruben; Hugo Mallo, D.Costas, Araujo, Hoedt, Junca; Okay (63’. F.Beltran), Lobotka, Jensen (67’. Boufal); Brais (92’. Jozabed) eta Maxi Gomez
Txartel horiak: 54’. Okay, 70’. Hugo Mallo
Mendizorrotzako futbol zelaiko harmailak:
Giro ezin hobea. Eguraldi zoragarria, harmailak ia-ia beterik. Vigotik ehunen bat zale etorri dira, oso koloretsuak. Bene-benetan, berriz ere, goraipatu beharra dago Alaveseko zaleen portaera. Partida osoan kantuan aritu dira. Lehen minututik bukaeraraino jokalarien portaera txalotu dute.