Basoak dira jaun eta jabe

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko ots. 25a, 09:11

Munaingo basoa, Araban. PHOT.OK

Lurraldearen %62,2 basoek okupatzen dute eta soilik %4 herriek eta azpiegiturek. Gainerakoak nekazaritza lurrak dira. Azken hamar urteetako joerari eutsi dio Arabak, aldaketa handirik gabe.

Baso eta nekazaritza lurzoruek Arabako %94,7 okupatzen dute; basoek 188.923 hektarea hartzen dituzte eta nekazaritza lurrek, berriz, 98.665 hektarea. Gainerako espazioan hiriak, herriak eta azpiegiturak daude (%4,3). Urterik urtera zifrak mantendu egin dira, aldaketa handirik gabe. Bestalde, Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin alderatuta, Araba da baso eta nekazaritza azalera handiena duen lurraldea. Halaber, kudeaketa publikoko baso gehien dituen herrialdea da, konifero basoen %63,3 eta hostozabalen %81,5 administrazio publikoen esku baitaude.

Euskal Autonomia Erkidegoko  2018ko Basoen Inbentarioa egin du Eusko Jaurlaritzaren menpeko Hazi Fundazioak, eta horretan bildu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurzoruen erabileraren araberako mapak eta zenbateko eguneratuak.

Batetik, EAEko basoen azalera jasotzen du inbentarioak, eta horretan biltzen ditu zuhaiztiak eta arbolarik gabeko espazioak, alegia larreak, sasiak edo harkaitzak. 

Arabako kasuan, baso-azalera gehiena arboladiek okupatzen dute (%76,7); eta horien artean nagusitzen dira hostozabalen basoak: pago arruntak (fagus sylvatica), erkametzak (quercus faginea) edo arteak (quercus ilex).  Hostozabalen baso gehienak (%81,5) publikoak dira.

Koniferoen basoetan, berriz, pinu gorria (pinus sylvestris) gailentzen da pinu beltzaren aurrean (pinus radiata). Inbentarioaren arabera, Mediterraneoko isurialdetako mendi publikoetan zabaltzen den espeziea da pinu gorria. Helburu ekonomikoarekin sartu zen pinu mota hori, eta hotzari aurre egiteko gaitasuna medio, Arabako mendebaldeko mendietan hedatu da, eta Nerbioiko haranera ere zabaldu da azken urteetan. Pagoarekin eta erkametzarekin nahastu da, gainera. 

Lurzoruaren banaketa Araban. ARITZ MARTINEZ DE LUNA

Banaketa, eskualdeka

EAEko basoen inbentarioak Araba sei eskualdetan aztertu du, eta horietan lurra nola banatzen den jaso du; herrialdeko joera orokorra nagusitzen da, alegia basoek eta nekazaritza lurrek okupatzen dute espazio gehiena; baina eskualde bakoitzak badu bereizgarririk, bere jarduera ekonomikoarekin lotuta.

Hala, Arabako Errioxan, mahastiek hartutako azalera nabarmentzen da. Izan ere, 31.588 hektareatik 18.907 nekazaritzako lurrak dira (%59,86). Gainerako lurren %36,56 basoak dira, batez ere arteak –1.835 hektarea–; horien jabetza, bereziki, publikoa da. 

Beste izaera zeharo desberdina dute Aiaraldeak eta Gorbeia inguruak; hauetan basoek hartzen dute tokirik handiena. Hala, Arabako Kantaurialdeko 33.210 hektareatik %72,65 basoak dira, hain zuzen koniferoen basoak; eta horien  artean pinu beltza nagusitzen da (9.709 hektarea). Hostozabalen basoak ere badira Aiaraldean baina  kopuru txikiagoan: 2.939 hektarea erkametz dago eta 1.193 hektarea pago arrunt. 

Oso antzeko proportzioak aurkitzen ditugu Gorbeialdean. Baso-lurrek hartzen dute eskualdearen %75,26, eta nekazaritza lurrek berriz, %19,54. Pago arruntaren hedapena handia da hemen, 6.924 hektarea hartzen baititu, eta koniferoen artean, pinu beltza gailentzen da pinu gorriaren eta larizio pinuaren artean.

 Dena dela, hostozabal basoaren paradisua, dudarik gabe, Mendialdean dago. Hazi Fundazioak argitaratutako inbentarioaren arabera, eskualde honetan 14.342 hektarea pago arrunta dago; ametz arrunten basoek 5.401 hektarea hartzen dituzte, erkametzek 7.627 hektarea eta arteek, berriz, 2.914 hektarea. Guztira, Mendialdeko lurraldearen %78,89 hartzen dute basoek. Nekazaritzak, aldiz, presentzia urriagoa du Mendialdean, lurzoru guztiaren %19,7 soilik okupatzen baitu. 

Hostozabalen aurrean, pinu gorriaren aterpea Añanan dago. Eskualde osoaren 11.925 hektarea hartzen ditu zuhaitz mota honek; hostozabalek, bere aldetik, 17.098 hektarea okupatzen dute; eta, guztira, basoek lurraldearen %64,3. Arabako Haranetan nekazaritzak basoak baino espazio txikiagoa hartzen du (%33,1), urteen poderioz hainbat labore eta lur abandonatu egin diren seinale.

Lautadak du baso-lur eta nekazaritza-lurraren artean panorama orekatuena. Hala, 80.265  hektareako azaleratik %48,6 hartzen dute arbolek, eta beste %39,9 nekazariek. Baso-espezie nagusiak erkametza (8.012 hektarea) eta pago arrunta (5.606 hektarea) dira. Herrialde osoan bezala, mendien eta basoen kudeaketa eta jabetza publikoa da.

Hiri-espazioa

Herriek, errepideek, meategiek, eta oro har azpiegiturek Arabako azaleraren %4,3 soilik hartzen dute: 13.156 hektarea. Lurralderik naturalenak Mendialdea, Añana eta Arabako Errioxa dira, hiri-lurrak %0,01, %0,29 eta %0,65 okupatzen baitute, hurrenez hurren. Arabako batez besteko parametroetan daude Lautada (%3,46), Aiaraldea (%3,68) eta Gorbeia inguruak (%3,30).

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago