Hamalau urte zenituela, ikastetxean El árbol de la ciencia irakurri zenuen. Bost urtean behin agian antzerkira joan; eskola-orduak murrizteko balio zuen eta. Filmak klasean ikusi? Irakaslea gaixorik bazegoen edo apaizen mezua – La misión, Ben-Hur …– azpimarratzeko. Artea? Margolanen izenak eta datak buruz ikasi. Beno, lortu zenuen, txo! Akabo kultura!
Unibertsitatea, Lanbide Heziketa edo dena delakoa. Lan egin, bidea segi. Denbora badaukazu: esku-eskura telebistaren katebegiak, sare sozialen kartografiarik gabeko nabigazioa… Literatura, antzerkia, zinema, artea…? Hor konpon! Traumen artean lurperatu edo zuk zeuk ikertu.
Paradoxikoki, bat-batean konturatu zinen instituzioek babestutako lana hor zegoela. Eleberriz betetako liburutegiak, antzerki zein zinema jaialdi ugari, inaugurazioan baino betetzen ez diren museoak. Erraz saihestu ditzakezun mamuak. Noizean behin, norbaitek engainatuko zaitu "turismoagatik" bisitatzeko.
Beldurra. Errespetua. Lotsa. Mania. Nagitasuna. Interes falta. Aldentzea. Kulturak eragiten dizkizun esan gabeko erantzun batzuk, inolako eskarmenturik gabe sentitzen zarelako. Hezkuntza eta kulturaren arteko zubiak erorita jaio ziren, baina hori orekatzeko zure heroia dago: aisialdia. Eskerrak! Liburu bat ireki baino lehen askoz atseginagoa da garagardoa nola egiten ikastea. Antzerkia? Hobe escape-room bat. Zinema, bai noski, jarri nahitanahiezeran Netflixa amortizatzeko. Artea… Ikeako altzariak eraikitzea!.
Ez daukat garagardoa egiteko, escape-roomera joan edo plataformak kontratatzearen ezer kontra (Ikearen kontra bai, hori beste kapitulu batean). Bereganatzea kostatzen zaidana da, harresiz betetako mundu honetan, kulturarekin daukaguna ere onartu beharra. Ez ziguten horren plazeraren giltza eman nahi.
Eta liburu aproposagoak edo idazleekiko tailerrak proposatzen badira ikastetxeetan? Antzerkia…eta musika ere bai!, zergatik ez daude bete beharreko eskolen artean? Zinema…bekatua izango zen hilean behin film bat ikusi eta eztabaidatzea? Artea…museoak hutsik daude, txango gehiago egin, okupatu! Ez da denbora galdua izango, Michael Enderen Momo-ri kasu egin!
Tatuajeen aurka ere ez daukat ezer. Lehen pirata, mafioso eta musikarien ikurrak ziren. Egun, -sasiteoria besterik ez da– futbolari edo erreality-koen eraginez, azaletan ikusten ditugu, nonahi. Primeran iruditzen zait edozein erabaki estetiko, baina askotan ez dira egiten "erreferente" haien nortasunaz jabetzeko? Eta aisialdiaren plazeboa ere, kulturaren hutsunea bete ordez, gizarte-epidermisean daramagu nortasun eza adierazteko?
Kulturak pentsarazi egiten digu. Hor dago koxka. Hezkuntza mandatariek ez dute inoiz plazer askatzaile hori bultzatuko. Hobe matematikak praktikatzea kirol apustuak erraz egiteko, tabernetan kontzertuak murriztu bitartean. Nerabezaroan turismoa eginez bisitatu genuen leku ahaztu hura da kultura. Betiko izango garen ikasleok errebelatu gabe, azaleratu ezinean daukagun aurretik ezabatutako tatuaje kolektiboa.