Bertsoa Bizi Gazte 2016an Arabako Bertsozale Elkarteak abiarazi zuen egitasmoa da. Gazteen euskararen erabilera sustatzea du helburu, eta honetarako, musika, rapa edo ikus entzunezkoen arteko fusioa lantzea da oinarri nagusia.
Parte hartzeko, gutxienez hiru eta gehienez zortzi laguneko taldea osatu eta bi minutuko bideoklipa bidali beharko dute partehartzaileek maiatzaren 6a baino lehen. Ondoren, maiatzaren 11n Legution izango den festa handian bideoklipak erakusteaz gain, bertsolari gazteen eskolarteko saioaz gozatu, sariak banatu eta herri bazkariaz gozatzeko aukera izango da.
Sariei dagokionean berriz, aurtengoan ere lau sari nagusi eskainiko dituzte: bideoklip onenaren saria, originalena, web guneko bozkatuena eta txalo-metroaren saria. Guztiek irailaren 6, 7 eta 8an asteburu pasa bera izango dute sari.
Iazko esperientzia
Pasa den urteko Bertsoa Bizi Gazte lehiaketaren balorazioa ezin hobea izan zen, izan ere, 13 taldek eginiko lanak aurkeztu ziren, Gasteiz, Gorbeialdea, Mendialdea, Aiaraldea, Lautada eta Arabar Errioxako taldeen bidez. Honetaz gain, BBG egunean 100 gazte inguruk parte hartu zuten. Aurtengoan beraz, partaidetza handitzea eta hasitako bide horrek jarraipen zabalagoa izatea dute helburu antolatzaileek.