EAJ litzateke alderdi bozkatuena Gasteiz eta Araban

Erredakzioa 2019ko ots. 20a, 13:15

PP laugarren indar izatera igaroko litzateke Araban.

Eusko Jaurlaritzako Soziometroaren arabera, maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeak gaur egingo balira EAJk irabaziko lituzke herrialdean eta hiriburuan. 

Batzar Nagusiei dagokienez, EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak (%26,4), aurreko marka gaindituta. PP laugarren indar izatera pasako litzateke (%14,3), 2015ean indar bozkatuena izan eta gero. EH Bilduk babes handiagoa jasoko luke (%20,70), eta bigarren indar moduan kokatuko litzateke. Atzetik Elkarrekin Podemos etorriko litzateke ( % 15,3), eta PSE-EE ostean (% 11,1). Ciudadanosek 2015ean lortu zuen eserlekuari eutsiko lioke ( % 4,9), duela lau urte lortutakoa baino babes handiagorekin.

Aldaketa nabarmenena Gasteizko Udalean egon daiteke. Soziometroaren arabera, hiriburuan atzera egingo luke PPk (%21,1) eta sei zinegotzi izatera pasako litzateke, hiru galduta. Popularrek baino eserleku bat gehiagorekin, zazpi zinegotzirekin, EAJk irabaziko lituzke hiriburuko hauteskundeak (%21,2), popularrekin parez pare. Eta EH Bildu litzateke hirugarren indarra sei zinegotzirekin (%19,7), oraingoei eutsita. Elkarrekin Podemosek igoera nabarmena edukiko luke (%14,5), bi ordezkari izatetik lau izatera. Eta zinegotzi kopuru bera izango luke PSEk (%12,3).

Eusko Jaurlaritzaren datuak Araban egindako 74 inkestarekin eta Gasteizen egindako 406rekin osatu dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago