Gehiegizko lan kargak salatu dituzte erizainek foru egoitzetan

Erredakzioa 2019ko ots. 20a, 15:33
Arabako foru egoitzetan dagoen egoera salatu dute erizainek. SATSE

SATSE sindikatuak salatu du Txagorritxuko erresidentzian, gaueko txandan, erizain bakarra dagoela 150 pertsona artatzeko. Oionen eta Amurrion, berriz, "ez dago erizainik gauez eta arratsaldez, eta asteburuetan ratioa ez da nahikoa”.

Adinekoen eta desgaitasunak dituzten pertsonen egoitzetan lan karga handiak dituztela salatu dute Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko (GOFE) erizainek. “Ezin dugu egungo lan karga geure gain hartu. Gure zentroetan erizain gehiago behar ditugu, soilik horrela erantzun ahal izango diogu baldintza onenetan gure erabiltzaileak eskatzen ari diren osasun arreta eta zainketari”, azaldu du SATSE sindikatuak.

Erizainen sindikatuak gogoratu du osasun zainketa profesionalaren beharra hazi egin dela GOFEren zentroetan, eta aldi berean, erabiltzaileen menpekotasunak gora egin duela. “Pertsona horietako askok mendekotasun maila larriak eta handiak dituzte, patologia anitzeko gaixotasunak direla eta. Gainera, eritasun horietako gehienak kronikoak eta endekapenezkoak dira, eta ohikoa baino zainketa maila handiagoa behar dute”. Bestalde, sindikatuak nabarmendu du eboluzio demografikoak, bizi itxaropena handitzeak eta Mendekotasun Legea indarrean jartzeak erresidentzietan mendekotasun larria eta handia duten pertsona gehiago egotea eragin duela, "eta zentro horiek ospitale geriatriko bilakatu dira”.

Urteko 365 egunetan, 24 orduz osasun arreta eskaini behar den arren, sindikatuak salatu du egun egoitza batzuetan ez dela arreta hori ematen. Horrez gain, gehienetan erizain-paziente ratioa ez da nahikoa. “Txagorritxuko egoitzan, adibidez, gaueko txandan erizain bakarra dago 150 pertsona artatzeko. Oionen eta Amurrion, ez dago erizainik gauez eta arratsaldez, eta asteburuetan ratioa ez da nahikoa”.

Bete gabeko konpromisoak

SATSEren irudikoz, oinarrizkoa da zentro horien izaera soziosanitarioa definitzea, gaur egun beharrezkoak diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak egokituz:“horrela baino ezin izango diegu erantzun giza beharrizanei eta eskari asistentzial handiari”. Hartara, GOFEko langileen salaketen aurrean, Zerbitzu Sozialen Foru Diputatuak erizainen lan kargen inguruko ikerketa bat egiteko konpromisoa hartu zuen. “Bilera batean ikerketa hori egiten ari zirela esan zigun, baina ez da egin eta ez dira egiten ari”.

Aldundia egoitzetako erabiltzaileek dituzten beharrak albo batera uzten ari dela uste du SATSEk, eta lehenbailehen neurriak hartzeko exijitu du. “Hedabideetan adierazpenak eta propaganda egiteaz gain, euren erantzukizunak bete ditzaten eskatzen dugu, eta erizain lanpostu gehiago jar ditzaten herritarrei arreta seguru eta kalitatezkoa eskaini ahal izateko”.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide