Igo egin da genero indarkeriagatik arreta psikologikoa eskatu duten emakumeen kopurua

Erredakzioa 2019ko ots. 20a, 13:00

Marian Olabarrietak eta Miren Saratxagak aurkeztu dituzte datuak. AFA

Genero indarkeriaren biktimei arreta psikologikoa emateko Arabako Foru Aldundiaren zerbitzuan 984 emakume eta adingabe artatu dituzte.

Arreta psikologikoa jaso duten emakumeen eta adingabeen kopuruak gora egin du herrialdean. Guztira, 984 artatu dituzte Arabako Foru Aldundiaren zerbitzuek 2018. urtean. 652 lagunek lehen aldiz eskatu dute laguntza, aurreko urtean baino %7 gehiago eta aurreko hamarkadaren bikoitza.

Arreta jaso duten emakumeen gehiengoak –881– zuzenean edo zeharka tratu txarrak edo sexu abusuak pairatu ditu. Halaber, 78 adingabe izan dira Aldundiko zerbitzuan, sexu abusuen biktima edo familiaren baitan indarkeria matxista jasan dutelako. 51 gizon ere artatu dituzte, emakumezkoen aurka indarkeria erabili eta borondatez terapia psikologikora joan direnak.

Arreta psikologikoa eskatzen duten emakumeen profilari dagokionez, gehienek  bigarren hezkuntzako (%44) edo unibertsitateko ikasketak (%21) dituzte eta soilik %4k ez du ikasketarik. Bestalde, hamarretik zortzik seme-alabak dituzte, eta horietatik erdiek zuzenean indarkeria fisikoa eta psikologikoa jasan dute.

Egoera ekonomiko prekarioa ere bada genero indarkeriaren biktimen ezaugarrietako bat. Hala, bostetik bat langabezian dago, eta nahiz eta erdia baino gehiago lanean egon (% 58), horietako askok lan ezegonkorrak dituzte.

Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuen saileko foru diputatuak eman du Hegoak zerbitzuak iaz egindako jardueraren berri, Miren Saratxaga Gizarte Zerbitzuen zuzendariarekin batera. Diputatuak adierazi du Aldundiak 2018. urtean oso urrats garrantzitsua egin duela. Izan ere, arreta orduak handitu dira, eta arreta psikologikoko zerbitzua hainbat kuadrillatara zabaldu dute. Orain, zuzeneko arreta dago Laudion, Amurrion, Agurainen, Oionen eta Guardian. Neurri horiei esker, nahiz eta eskaria igo den, lehen hitzordua gehienez ere bi astetan edukitzeko konpromisoa betetzea lortu da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago