Finantzen Euskal Kontseiluaren ondoren balorazioa egitea egokitu zaio Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari. “Gure herrirako akordio guztiz garrantzitsua" dela esan du Kontseiluaren emaitzari buruz; eta batik bat, nabarmendu du lurraldeen arteko desorekak arintzeko 60 milioi euroko funts berri bat onartu dela: "Lurralde desorekak saihesteko mekanismo hobea lortu dugu, adostasunez, armonian, zaratarik gabe eta erakunde guztien lankidetzarekin”.
Arabako Diputatu nagusiak azpimarratu du, gainera, ezohiko funts berriak arriskuak ekiditen dituela, eta gaineratu du funts berria martxan jarri bitartean, Arabak 1,6 milioi euro jasoko dituela. Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak jarriko dute dirua erdibana.
Alta, Ekarpen Legea berritzea ez da posible izan. Oraingo banaketak Bizkaiari egiten dio mesede, enpresa handienak lurralde horretan baitaude, eta Arabarekin eta Gipuzkoarekin alderatuta, bizkaitarrek, batez beste, diru gutxiago jartzen dute. Oraingo Ekarpen Legea 2007koa da, eta, 2011n berritu behar zen arren, orduz geroztik urtetik urtera luzatu behar izaten dute. Aldundiek Jaurlaritzaren kutxara egin beharreko ekarpenak zehazten ditu Ekarpenen Legeak.
Halaber, diputatu nagusiak 2018ko diru bilketaren behin betiko kopuruak birpasatu ditu Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian, eta horiek saldo historiko bat ematen dutela esan du, "2.404 milioi eurora heldu baitira, 2017an baino %4,4 gehiago".