Alavesek ondo bidean jarraitzen du

Ibon Gorrisi 2019ko ots. 18a, 11:09
Talde arabarrak gol aukera pare bat izan ditu markagailua mugiarazteko. / ALAVES

Betis talde zuzenaren aurka banako berdinketa lortu du, baina puntua lortzeko lan asko egin behar izan du.

Asko kostata Alavesek puntu bat lortu du Benito Villamarin futbol zelaian jokaturiko partidan. Urrats berria Europara itzultzeko, ametsa egia bihurtzeko. Denboraldiaren hasieran jarritako helburua, mailari eustea, ia-ia lortuta, orain bada garaia gora begiratzeko.

Talde arabarrak galtzak bete lan izan ditu partida osoan zehar puntua urratzeko. Betis aurkari zuzena da eta biak hor daude sailkapenaren goialdean, horrexegatik meritu handikoa izan da lorturikoa.

Partida ez da batere erraza izan. Talde andaluziarra oso sendo dabil etxean eta azken zazpi partidetatik bakarra baino ez du galdu. Honek argi eta garbi erakusten baitu zer nolako taldea den! Lehendabiziko minututik Betisek erasora jokatu du baloia alderik alde ondo mugituz. Alavesek ohiko planteamendua egin du eta Levanteren aurka jokatu zuen hamaikako berbera zelairatu du Abelardok. Atzealdean bikain aritu dira zirrikitu guztiak itxiz. Halere, 15. minutuan Lo Celsok bat eta hutsekoa egin du. Hortik aurrera Alavesek norabidea pitin bat galdu du eta estutasunak izan ditu. Izan ere, berdinketa lortu baino minutu bat lehenago Maripanek marran bertan Betisen bigarren gola ez gertatzea lortu du. Hurrengo jokaldian, atzelariak berak berdinketa egin du, geldikako jokaldi baten ondorioz.

Bigarren zatian, Betis garaipenaren bila atera da. Behin eta berriz aritu da Alavesen area ingurura. Aukerak izan ditu baina gehienetan Pacheco atezaina agertu da. Talde arabarrak gol aukera pare bat izan ditu markagailua mugiarazteko. Horietariko garbiena Calleri aurrelariak izan du partida bukatzeko minutu gutxi falta zirela. Hurrengoan Betisek jokaldi berean hiru jaurtiketa egin ditu eta hiruretan Pachecok baloia desbideratzea lortu du.

Joan-etorri ero horretan partida amaitu da. Puntu bat aurrera jarraitzeko, Europara begiratzeko eta ondo bidean jarraitzeko. Orain Txapeldunen Liga bi puntura dago. Alavesen ametsa gero eta hurbilago. Hurrengo partida larunbatean izango da Celtaren aurka. Aukera paregabea, berriz ere, Mendizorrotzan garaipena lortu ahal izateko.



Betis: Pau Lopez; Barragan (68’. Joaquin), Mandi, Bartra, Feddal, Guardado, William, Canales, Lo Celso, Lainez (75’. Loren) eta Jese. (64’. Sergio Leon).

Txartel horiak: 12’. Guardado, 43’. Canales, 73’. Lainez, 82’ Mandi

Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Maripan, Duarte (59’. Adrian Marin); Pina,  Wakaso (60’ Manu Garcia), Darko Brasanac; Inui (83’. Rolan), Jony; eta Calleri.

Txartel horiak: 10’. Duarte

Golak:

1-0: 15’. Lo Celso
1-1: 28’. Maripan

Benito Villamarin futbol zelaiko harmailak:

Ia-ia beterik izan da Benito Villamarin futbol zelaia. Alaveseko zale bakan batzuk izan dira bertan eta ohi bezala, gelditu gabe, izan dira taldea animatzen. Betiseko zaleek ere giro bikaina sortu dute eta taldearen ibilbidearekin bat eginez kantu kantari izan dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide