Urre-koloreko begiztak eta gospel abesbatza, minbizia duten haurrak gogoratzeko

Erredakzioa 2019ko ots. 16a, 06:30
Maite Fonseca, Marian Olabarrieta eta Ernesto Marin. / E. Lanao

Asteburu osoan zehar izango dira ekintzak; tartean, Julian Iantzi izango da larunbateko ongintzazko 13. bazkarian.

Goizean aurkeztu ditu Arabako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteak Minbizia duten Haurren Nazioarteko Egunaren harira izango diren ekintzak. Igandera bitartean, hainbat ekintza antolatu dituzte. Hala, Gasteizko ikastetxeetako ikasle eta gurasoek urre-koloreko begiztak eramango dituzte soinean; San Ignacio Ikastetxeko haurrek, esaterako, giza-begizta bat osatuko dute patioan, minbizia duten umeei babesa helarazteko.

Bestetik, larunbatean, ongintzazko 13. bazkaria egingo dute Olarizu jatetxean, eta Julian Iantzi izango da bertan. Eta igandean, gospel musikako ongintzazko kontzertu bat antolatu dute Salburuko gizarte etxean, 12:30ean.

Bataila bat

Ekitaldien berri ematearekin batera, Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteko kide Ernesto Marinek minbizia izan duen haur baten hitzak irakurri ditu: "Gainditzen dugun oro gara. Eta haur minbizia gainditu nuelako naiz bizirik atera den haietako bat. Ez naiz berriz jaio, baina hemen egoteko daukadan grinaren jabe naiz. Orduko hura bidean aurkituko ditudan bataila guztietako bat izan zela ulertuz". 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide