Lourdes Oñederra: "Ahoskera egokia izateak ziurtasuna ematen dio hiztunari"

Erredakzioa 2019ko ots. 14a, 13:50

Lourdes Oñederra, Euskaltzaindiaren jardunaldietan. / Euskaltzaindia

Ahozko komunikazioaren arazoak eta abantailak. Horiek aztertu dituzte gaur Artium museoan, Euskaltzaindiak mendeurrenean antolatzen duen laugarren jardunaldi akademikoan.

Lourdes Oñederra euskaltzainak abiatu du goizeko jarduna, ahoskera arautu eta irakas daitekeela baieztatuz. “Esaten da ahoskera kontuak ez direla errazak –adierazi du irakasleak estreinako hitzaldian-, esango nuke hobe litzatekeela esatea ez direla eroso. Erraztasuna gauza erlatiboa da, oso lotua dagoena helburuetarako dauden edo lortzen diren baliabideekin. Ahoskera irakasteko baliabideek ez dute izan behar ziurrenik gramatika edo hiztegia irakasteko erabiltzen diren berak. Pentsa dezagun nola bereganatzen dituzten haurrek zein erraz, hitzak eta are hotsak ere baino lehenago, hizkuntzaren prosodia, doinuak, erritmoak... Negarrez, imitatuz, jolasean...”. Baina gogoratu nahi izan du ahoskera ez dela ikasten “gramatika eta hiztegia bezala, beraz ezin da irakatsi gramatika eta hiztegia bezala”.

Ahoskeraren garrantzia azpimarratu du euskaltzainak: “Ahoskerak axola du eremu kognitibo eta psikolinguistikoan, hiztunari ziurtasuna ematen diolako ahoskera egokia izateak; eta baita eremu soziolinguistikoan, euskara normaltzeko hizkera mailak garatu behar direlako gaztelaniaren eta frantsesaren ereduetatik babestuz”.

Oñederrak gaineratu du euskaldun zaharrei ez zaiela "irakatsi" behar, “berea gordetzea eta edozein hizkera-mailatan erabiltzea bermatu baizik”. “Ez da behar %100ean arau guztiak beti eta salbuespenik gabe betetzea –aitortu du-. Bakoitzak zailtasun eta erraztasun jakin batzuk izango ditu bere historia linguistikoaren arabera”.

Bide batez, 1998ko EBAZen (Euskara Batuaren ahoskera zaindua) landutako arau eta arazoak azaldu ditu Oñederrak, hango erabakiak aletuz eta Ahoskera batzordeko kezkak entzuleekin partekatuz: “Ahoskera batzordetik proposatzen dugu hizkera zaindurako bilatzea batasun ahalik eta handiena eta euskalkien aniztasunetik jasotzea lagunarteko hizkerarako behar diren ereduak".

“1998ko lantaldeak zioena eta 2015ean Ahoskera batzordeak berretsi zuena errepikatzen dugu gaur hemen: ahoskera ikasteko esaldiak ahoskatzen ikasi behar da. Kontua ez da hitz bakoitzean azentua non kokatzen den euskalki honetan edo hartan, baizik eta esaldi-kantua, erritmoa, doinua euskalkiren batean eta, oro har, euskaraz, zein den. Gauza bat dago argi: ez doa hizka, hitz-kateka baizik”.

 

Galdera berari erantzun nahi izan dio Maria Heliodora Cuenca Villarin Sevillako Unibertsitateko irakasleak, eta berak ere baietz, irakas daitekeela esan du, “jada ezagutzen ditugulako ahozkotasuna lantzeak dakartzan onurak”. Eta abantailak nabarmenak dira: “Ahoskera garrantzitsua da lau abileziak garatzeko: ahoskera bera eta entzumena bai, baina baita idazketa eta irakurketa ere. Azken finean, solaskideen artean ulergarritasuna garatzeko da inportantea”

Baina, garrantziaz jabetuta bagaude ere, badirudi orain arte arreta gutxi eskaini izan zaiola ahozkotasunari. Zergatik? “Denbora gutxi dago horretarako, ikasleen ahozkotasuna ez da ebaluatuko, irakasleen artean formakuntza gabezia handia dago, ez da proiektu curricularretan sartzen, gutxi ikertzen da, materialik eza…”Hori guztia gainditu beharra dagoela azpimarratu du Sevillako Unibertsitateko irakasleak.

Nola ikasi ahoskerak

Hogeita bost urteko lan-eskarmentua duen antzerki itzultzailea da Julia Marin, eta bere esperientzia zabalaren fruitua da Esatearen Ederra izeneko ahoskera metodoa. Metodo horren gakoak azaldu ditu gaur Gasteizen. Metodoaren arabera, ahots gora irakurri behar da lehendabizi, eta gero erreparatu mezuari; ondoren, “testua ‘okupatzen’ ikasi behar da, bolumena eman: hitzak edukiz eta esanahiz bete, esaldien hierarkiari erreparatu, testu zatiak bereizi, testuaren egituran oinarritu, intentzioak eta erritmoa landu, isiluneak baliatu, hitz klabeak adostu… Eta, azkenik, horri guztiari sinesgarritasuna eman”. Marinek adierazi du testua partitura bat dela, “notaz nota prestatu eta kantatu beharrekoa”, eta gero emozioekin eta mezuarekin uztartu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago