LABek hitzarmen duinak aldarrikatu ditu Arabako metalgintzan, aste honetan egindako mobilizazio batean. Sindikatuaren ustetan, metalgintza mahaia irekita dagoen honetan, sektoreak dituen arazo nagusiei erantzuna eman behar die herrialdeko hitzarmenak. Arabako Metalean, hitzarmen duinak lelopean egin dute manifestazioa, eta Arabako Enpresarien Elkartearen (SEA) egoitzaren aurrean kontzentrazioa egin dute.
Arabako metalgintzan hitzarmen kolektiboa adosteko mahaia irekita dago, eta LABen ustez, SEAk bertan "prekarietatea mantentzea besterik ez du bilatzen, sektoreko arazo nagusiei erantzunik eman gabe". Arabako metalgintzan soldata baxuak eta lanaldi altuak daudela nabarmendu du sindikatuak: "Azpikontratazioaren erabilera zabaltzen ari da, aldi baterako kontratazioa izugarria eta iruzurrezkoa da, emakumeen presentzia eskasa da, lanean segurtasun falta dago, lan-erreforma eta estatalizazioa inposatzen dira…".
LABek arazo horiei erantzungo dien hitzarmenak aldarrikatuko dituztela azpimarratu du, "sektorean zein enpresetan".