"Arteak irekitzeko" deia egin dute

Erredakzioa 2019ko ots. 13a, 15:20
Igelaren Banda taldea, Gasteizko Dazz taldean. /Dazz

Kontzertuak murrizteko dekretuak erantzuna izan du Arteak Ireki plataformarekin; formatu txikiko espazioetako eskaintza "babestu eta indartzeko" eskatu dute kultur arloko eragileek.

Joan den urtean kezka agertu zuten Gasteizko ostalari eta artistek  Udala prestatzen ari zen araudiarekin: hilean bi kontzertu antolatzeko baimena. Kezka hori areagotu du, ordea, Eusko Jaurlaritzak berriki onartu duen jendaurreko ikuskizun eta jolas jardueren araudiak.  Horren arabera, aurrerantzean, urtean hamabi ikuskizun antolatu ahal izango dituzte, gehienez. Erabakia kultura eta komertzio txikien kontrako "erasotzat" jo dute hainbat taldek, eta Arteak Ireki plataforma aurkeztu dute aste honetan Gasteizen.

"Ezin da inolaz ere ulertu. Ez dator bat gure herriaren beharrekin, ez dator bat arteak eta kulturak dituen beharrekin; ezin dugu onartu auzokide moduan, kulturgile moduan, ostalari moduan...",  esan du Iñaki Landa Gasteizko  Orbain kultur elkarteko kideak ALEA FM saioan eginiko elkarrizketan. Joan den urtean Gasteizko kezka zena, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara zabaldu dela azaldu du Landak, eta hainbat zalantza eragin dituela. Izan ere, murrizketa honek ikuskizun eta ekintza errekreatiboei eragiten die, besterik zehaztu gabe. "Baina zer da ikuskizuna? Bakarlari bat? Antzezlan bat? Erakusketa bat?", galdetu du Landak. Araudi hau komertzio txikien eta hastapenetan dauden taldeen kontrako erasoa dela uste du. "Hankasartze itzela da, ez diote gaiari heldu daukan garrantziarekin; tabernek balio erantsi bat eskaintzen dute ikuskizun hauekin, kultura erakusteko modu bat da".

Ordutegien erregulazio eta auzokoekin kontziliazioa garrantzitsuak dira, Landaren arabera, baina gaur egungo ordutegiak hori bermatzen duela uste du: "Egun dagoen legedia nahiko malgua da, soinuari dagokionez ez dago arazorik; ez dago benetako arazo bat auzokideen partetik".

Kulturgileen babesa

Arteak Ireki plataforma ostegunean aurkeztuko dute Gasteizen, kultur arloko hainbat lagunen babesarekin. "Ezingo genuke jaialdi handien progresioa ulertu eszena lokala babestu gabe, zeinak bermatuko duen formatu txikiko espazioetan hasten den zirkuitu jarraitu bat", adierazi dute ohar batean. "Gehiegikeria honen aurrean, dei egin nahi diogu EAEko kultur arloari beraien ahotsa gora dezaten".  

Dekretuak udaletxeetako kultur arloko plan estrategiko guztiekin talka egiten dutela nabarmendu dute, eta gogoeta egiteko deia egin diete Jaurlaritzako arduradunei eta Legebiltzarreko gainontzeko alderdi politikoei. 

Hala, Bartzelonan esaterako, "Europara begirako" araudia garatzen ari direla gogoratu dute, "zuzeneko ikuskizunak sustatzeko egungo egoerara moldatuta, urtean gutxieneko 40 kontzerturekin"."Eusko Jaurlaritza Europara begira ari al da? Nora ari da begira?".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide