Kontzejuetan ere, berdintasunik ez

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko ots. 14a, 12:07
Kontzejuetako hauteskundeetako partaidetza aztertu dute. ALEA

Arabako kontzejuetan emakumeen parte-hartze politikoa nolakoa den aztertu dute Mentxu Ramilok, Eva Martinezek eta Miriam Ociok.

Arabako kontzejuetan eta administrazio batzarretan emakumeen presentzia paritarioa eta orekatua izatetik urrun dago. Izan ere, 2017ko hauteskundeetan, hautagai guztien artean, %24,6 soilik izan ziren emakumeak, eta emakume bat ere ez zuten aukeratu kontzejuen %45,5ek. 

Kuadrillaren arabera, emakumeen presentzia ere oso desberdina da: Aiaraldean emakumeak daude kontzejuen %75ean, Lautadan kontzejuen %62,5ean, Gasteizen %59an eta Gorbeialdean %54,7an. Beste muturrean daude Arabako Errioxan ( %25), Añanan (%43) eta Mendialdean (%46,2). 

Emakundek aurkeztu berri duen lanaren emaitza dira datuok. Emakumeon parte-hartzea Arabako kontzejuetan. Beraien presentzia, arrazoi eta estrategietara hurbilketa bat izenburuko ikerketa Emakundek urtero, genero eta berdintasuna gaiak lantzen dituzten lanei ematen dizkien hiru beketako baten emaitza da. Egileak Mentxu Ramilo Araujo –ikerketaren koordinatzailea–, Eva Martinez Hernandez eta Miriam Ocio Saenz de Buruaga izan dira.

Ikerketa honen helburua emakumeen parte-hartze politikoa zer baldintzetan ematen den ikustea eta ikertzea izan da. Ikertzaileek berretsi dute genero arrakala handia dagoela, eta segun eta nolakoa den erakundea parte-hartzea aldatzen dela. Hala, estruktura irekiagoak eta horizontalagoak dituzten herrietako giza erakundeetan emakumeen parte-hartzea handiagoa da; eta txikiagoa da, aldiz, kontzejuetan eta administrazio batzarretan, egitura itxiagoak eta tradizionalagoak dituztelako.

Kostu gehiago

Orokorrean, kontzejuetan parte hartzen duten emakumeek balorazio positiboa egiten dute; halere, ohiko jarduera politikoan genero ezberdintasunak nabaritzen dituzte; eta espazio publikoa okupatzen dutenean, gizonezkoek baino kostu handiagoa ordaindu behar dutela uste dute. 

Ikerketaren arabera, emakumeen presentziak kontzejuen agenda eta lehentasunak aldatzen lagundu du, eta gainera, aldaketak ekarri ditu ohiko funtzionamenduan eta egitura itxiak zabaltzen lagundu du. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide