Taldeak bolada txarrari amaiera eman dio eta distirarik gabe garaipen oso baliotsua lortu du Levanteren aurka. Partidaren hasiera hiru puntuak lortzea zen helburu nagusia eta horixe gertatu da. Garaipena eta hiru puntuak lortuta Europako postuetara itzuli da.
Alaves garaipenaren bidera itzuli da Laguardiaren bitartez. Geldikako jokaldia, kornerra, baliatu du atzelariak buruz saretara baloia bidaltzeko. Abelardok zuzentzen duen taldeak freskotasuna berreskuratu du Jony eta Inui hegaleko jokalariei esker. Izan ere, biek ala biek hegaletatik behin eta berriz sartu baitira. Gola eginez, Alavesek jakin badaki zer egin behar duen norgehiagoka aurrera atera ahal izateko.Une oro, jokoaren kontrola izan du eta Levantek ia-ia ez du inongo gol aukerarik izan.
Bigarren zatian, talde arabarrak atzerapausoa eman du eta horren ondorioz Levantek gehiago izan du baloia. Halere, Alaves oso ondo kokatuta izan da atzealdean. Zirrikiturik utzi gabe, Darko Brasanac, Pina eta Wakaso zelai erdiko jokalariek lan izugarria egin dute. Esan genezake aurkaria ez dela gauza izan gol aukerarik egiteko. Geldikako jokaldietan, kornerretan, eta era horretako jokaldietan bakar bakarrik lortu dute area ingurura hurbiltzea.
Bestalde, beste behin ere, goraipatu behar da Calleri aurrelariak egindako jokoa. Borrokalari sutsua da, beti hor dago, baloia lapurtzeko, atzelariak estutzeko, taldearen iparrorratza izateko eta, nola ez, erremateak egiteko. Lehen zatian, 16. minutuan, buruz egindako errematea langara joan da eta gero Inuik egindako errematea kanpora. Ibai eta Sobrinoren hutsuneak pixkanaka betetzen ari dira.
Partida bukatzear zela, Jonyk 2-0ekoa egin du, Levanteren atzelari batek egindako oparia baliatuz. Alaveseko jokalariek pozaren pozez ospatu dute gola. Izan ere, lorturiko garaipenak aukera ematen dio taldeari sailkapeneko goialdean jarraitzeko eta azken partidetako emaitza txarrak eta joko kaxkarra alboratzeko.
Hurrengo norgehiagoka Betisen aurka izango da igandean. Aurrerapausoa emateko partida izan daiteke.
Alaves. Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Maripan, Duarte; Pina, Wakaso, Darko Brasanac (74’. Manu Garcia); Inui (87’. Rolan), Jony; eta Calleri (89’.Borja Baston).
Txartel horiak: 47’. Pina, 65’. Brasanac, 70’. Laguardia
Levante: Aitor; Cabazo, Vezo, Coke; Jason, Doukoure, Vukcevic (59’. Bardhi), Luna (85’. Raphael); Simon (66’. Mayoral), Morales eta Roger.
Txartel horiak: 43’. Cabaco, 80’. Luna
Golak:
1-0: 23’. Laguardia
2-0: 92’. Jony
Mendizorrotzako harmailak:
Ia-ia 14.000 ikusle bildu dira Mendizorrotzan. Zaleak bost minutu beranduago sartu dira futbol zelaira, astelehenetan partidak jokatzeari ezezkoa borobila emanez. Jokalariak berdegunera atera direnean harmailak ia-ia hutsik zeuden. Gero partidan zehar zaleek hilkutxa eraman dute harmailetatik, astelehenetan jarriz gero, futbola hilko dutela adierazteko. Horretaz gain, ohi bezala, giro paregabea izan da. Kiroldegiko harmailan jartzen diren zaleak behin eta berriz aritu dira taldea animatuz.