Atzerritar gutxi eta barazki-jale asko Erdi Aroan

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2019ko ots. 11a, 06:00
Irantzu Laura Guede, EHUko ikertzaile eta geologoa/ EHU

Dulantziko San Martin eta Lañuko Las Gobas aztarnategietako gizakien hezurren eta hortzen azterketa egin dute EHUko Mineralogia eta Petrologia saileko ikertzaileek.

Erdi Aroko biztanleriaren mugikortasuna mugatua zen; eta herritarrek batik bat zerealak, barazkiak eta lekaleak jaten zituzten. Hala jaso dute EHUko Mineralogia eta Petrologia saileko ikertzaileek Arabako bi aztarnategitan (Dulantziko San Martin eta Lañuko Las Gobas), Bizkaiko Momoitiko San Juanen eta Zaragozako Tausten egin duten ikerketa batean.

Irantzu Laura Guede Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile eta geologoak, hainbat arkeologorekin eta erakunderekin batera, VI. eta XI. mendeen arteko lau aztarnategietako gizakien hezurren eta hortzen ikerketa isotopikoa eta elementala egin du. Erdi Aroko gizarte haien dinamika sozialak, dieta eta mugikortasuna aztertu ditu. Gizabanakoen mugikortasuna aztertzeko, haien hortzetako esmalte eta dentinaren eta hezurren konposizio isotopikoak konparatu dituzte, aztarnategi inguruko hainbat materialen konposizioekin. 

Dietari dagokionez, bestalde, gizabanakoek jandako elikagaien arabera aldatzen diren isotopoen erlazioak ikertu dituzte. Azken finean, “jaten duguna gara. Jaten ditugun elikagaien konposizio isotopikoa gure hezurretara, hortzetara eta ehunetara pasatzen da, eta han geratzen da gordeta".

Dulantziko hatu germanikoak

Dulantziko San Martingo hilerriko kasuan, estrontzio isotopoak erabili dituzte Goi Erdi Aroan biztanleriaren mugikortasuna aztertzeko: "Estrontzio isotopo erradiogenikoen analisiaren bidez, bertakoak edo etorkinak diren bereizi daiteke". Ez da hori kontu makala. Izan ere, hilerri horretan aurkitutako gizakietako batzuk germaniar jatorria  duten hatuak dituzte, besteak beste armak, zeramikak eta apaingarri  pertsonalak; eta Europa hegoaldeko arkeologiak germaniar migrazioek Erdi Aroan izan zuten paper nabarmenarekin lotu ohi ditu Dulantzikoa bezalako hilerriak.

Alta, emaitzek erakutsi dute Dulantziko biztanleria, batez ere, bertakoa zela, atzerriko pertsona batzuekin batera; eta migrazio handiek izan zuten eragina zalantzan jarri dute. Guederen ekipoaren arabera, "sinadura isotopikoek zalantzan jartzen dute aurretiko paradigma etnikoa. Izan ere, nagusiki tokiko gizabanakoek dute jatorri germanikoko hatuak".

Guztira, San Martin de Dulantzi aztarnategiko 33 gizabanakoren hezur eta hortzetan estrontzio isotopoak analizatu dira.

Kobazuloetatik, herrira

Las Gobas aztarnategi inguruan baserriak dituen kobazuloan egindako kokalekua da. Kobazulo artifizialen erabilera interpretazio ezberdinekin lotu izan da. Historiografia tradizionalak kokaleku hauen zergatia Kristau aszetismoaren aldagai ezberdinen fenomeno gisa azaltzen du. Beste azalpen batek nekazarien komunitateak zirela dio; denborarekin beste egonleku batzuetara mugitu zirela, eta Erdi Aroko herrixkak sortu zituztela.

Kobazuloaren erabilera bizitoki bezala 300 urte baino gehiago zabaldu zen, VI. eta IX. mendeen artean hain zuzen. IX. mendearen amaieran pixkanaka utzi zituzten kobak, eta haraneko toki berri batera mugitu ziren (gaur egun Lañu herria), baina liturgiak eta ehorzketa funtzioak XII. mendera arte iraun zuten.

EHUko Mineralogia eta Petrologia Saileko ikertzaileek Las Gobaseko 40 gizakiren hezurretan eta hortzetan estrontzio, karbono eta nitrogeno isotopoak analizatu dituzte: "Estrontzio isotopoen balioak gizakien mugimenduak X-XI. mendeetan eman zirela argitu du, Lañu herriaren sorrerarekin bat etorri zirela, eta nagusiki emakume eta umeak izan ziren mugitu zirenak".

Bestetik, antzinako Lañuko herritarren dietaren berri eman du ikerketak. Oinarrizko elikagaiak zerealak, nagusiki garia eta garagarra, eta lekaleak bezalako landareak ziren; halere artatxikiaren kontsumoa ere atzeman dute, VII eta IX. mendeen artean. Las Gobas aztarnategiko biztanleen proteinaren jatorri nagusia txerria eta ardia edo ahuntza ziren.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide