Ertzaintzak polizia-operazioa abiatu du gaur, Gasteizen eta Delikan (Amurrio). Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta, Galder Barbado eta Aitor Zelaia atxilotu dituzte, "kale borroka" ekintzekin zerikusia dutelakoan. Gainera, albiste agentzien arabera, irekita dago polizia operazioa, eta Ertzaintzak ez du baztertu atxiloketa gehiago egitea.
Zenbait komunikabideren arabera, piroteknia materiala gordetzen zuten "kale borrokarako" erabiltzeko asmoz. Material hori gordetzen zuen biltegia duela hiru hilabete inguru aurkitu zuen Ertzaintzak, Duran, Gasteiztik bost kilometro ingurura. Datozen orduetan eramango dituzte bi gazteak Madrilera deklaratzera.
Sortuk salatu egin du polizia-operazioa, eta "batzuek gatazka iraunarazi" nahi dutela esan du: "Iraganean kateatuta nahi gaituzte, herri honek aurrera begiratu nahi duenean". 19:00etan kontzentrazioa deitu du Sortuk Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Halaber, Ernaik elkarretaratzeak deitu ditu eguerdiko 13:30ean Gasteizko unibertsitateko campusean, atxiloketak salatzeko.
Bigarren atxiloketa
Ez dute lehenengo aldiz atzeman Barbado. Izan ere, 2016ko maiatzaren 25ean Guardia Zibilak eraman zuen preso Gasteizko kuartelera, Urduñan izandako Gazte Danbada jaialdian terrorismoa goratzea egotzita, baina ordu gutxiren buruan askatu zuten.