Gasteizko Teatro Paraiso antzerki konpainia Italian da egun hauetan Erpurutxo-ren italierazko bertsioa aurkezteko. Bira joan den igandean hasi zuten, eta hilaren 19ra arte izango dira, besteak beste, Manfredonia, Gioia del Colle, Novoli, Vicenza, Mira, Lodi, Calderada, Barberino, Comeglians eta Artegna herrietako antzokiak bisitatzen. Orotara 12 saio izango dira, 7 urtetik aurrerako haurrentzako.
Iñaki Rikartek zuzendu eta Tomas Fernandez eta Ramon Monje antzezle dituen ekoizpen honek 3.050 funtziotik gora egin ditu estatuan, eta arrakasta hori beste herrialde batzuetara zabaldu nahi dute. "Bikaintasun artistikoa nazioarteko zirkuituetan bakarrik lortzen da, sormen-lan onenek lehiatzen duten tokian", aipatu du Teatro Paraisoko zuzendari Pilar Lopezek.