Martxoaren 3ko oroitzapenak, idazle ezagunen eskutik

Erredakzioa 2019ko ots. 5a, 12:37
Juan Ibarrondo, Amparo Lasheras eta Andoni Txasko, ekimenaren aurkezpenean. / Memoria Gara

 "Denbora galduaren bila, txokolatea eta madalena bat, oroitzapen baten truke" ekimena antolatu du Memoria Garak.

Hurrengo larunbaterako, otsailaren 9rako, Memoria Garak "Denbora galduaren bila, txokolate eta madalena bat, oroitzapen baten truke" ekimena antolatu du. Proust idazlearen eleberri ospetsuan bezala, zaporeak erabiliko dituzte. "Kasu honetan, txokolate eta madalena goxoen bitartez, 1976ko martxoaren 3a eta bere testuinguruaren inguruko oroitzapenak astinduko ditugu", azaldu dute aurkezpenean. Ekitaldia San Frantzisko elizatik gertu izango da: Zaramaga auzoko Memoria Gunean (Fermin Lasuen, 5), larunbatean 12:00etan. Izan ere, Memoria Gara ekimenak memoriaren gune bilakatu nahi du San Frantzisko eliza.

Gasteizko idazle ezagunek parte hartuko dute, eta horiekin batera oroitzapenak kontatzeko gogoa duten lagun guztiek. Oroitzapenen guztien kontaketak bideoan grabatuko dituzte. Guztira, 15 idazlek parte hartuko dute: horien artean, Antonio Altarriba, Karmele Jaio, Patxi Zubizarreta, Toti Martinez de Lezea eta Joxean Sagastizabal. "Memoria historikoak betiko batu ditu 1976ko martxoaren 3a eta San Frantzisko Asisko eliza eta, horrekin batera, etengabe eskatu eta oraindik lortu ez diren egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermearen aldarrikapenak. Hori dela eta, Memoria Garak San Frantzisko tenpluak sarraskiaren biktimen memoriari lotutako proiektu bat har dezan eskatzen du eta, bide batez, memoria eta giza eskubideei lotutako politikak garatzeko balio behar du".

Lan horretan, Memoria Garak dagoeneko hainbat bilera egin ditu Gasteizko gotzaindegiarekin, Gasteizko alkatearekin eta udal taldeekin. Datozen egunotan, Arabako ahaldun nagusiarekin eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin ere bilduko direla gogoratu dute. "Orain arte egindako bilerez oso balorazio ona egiten du. Izan ere, orohar, guztiek konpartitzen dute gunearen garrantzia, proiektuaren dimentsioa eta egungo San Frantzizko Elizaren etorkizunerako erabilerari soluzio bat bilatu behar dela. Memoria egingo dugu, Memoria garelako".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide