Urtarrileko aldapak jarraipena izan du otsailean. Alaves ezinean aritu da Bernabeu futbol zelaian eta 3-0 galdu du. Azken partidetan taldeak ez du golik egiten. Lehen itzulian aukera gutxi izanik golak etortzen ziren. Oraingoan ez da hori gertatzen eta horren ondorioz, azkenengo hiru neurketetan ez dira gauza izan gol bakarra egiteko.
Lehen zatian kostatu zaio talde arabarrari partidan sartzea. Real Madrilek ohiko jokoa berreskuratu du eta hegaletatik arrisku izugarria sortu du. Etengabe aritu dira bai eskuin hegaletik zein ezkerreko hegaletik erdiraketak egiten gola lortu ahal izateko. Aukerak izan dituzte baina ez dituzte gauzatu. Pixkanaka partidari neurria hartu diote eta Jony aurrelariaren bitartez gol aukerak izatea lortu dute.
Abelardok ohiko sistema erabili du. Atze aldean, Martinen ordez, Vigaray zelairatu du, Laguardia, Maripan eta Duarterekin batera. Zelai erdian, borrokarako jokalariak Manu Garcia eta Wakaso, euskarri lanetan Pina eta erasorako Burgui, Jony eta Calleri. Ondo kokatuta izan dira, baina egungo Real Madrilek gola dauka. Ez hori bakarrik, Benzema aurrelaria sasoian dago eta 29. minutuan bat eta hutsekoa jarrai du markagailuan. Hortik aurrera talde arabarra nahi eta ezinean aritu da.
Bigarren zatian, gauzak aldatu dira eta Alavesek erasora jokatu du. Partida erabat irekita zegoen eta bi taldeek aukerak izan dituzte. Talde arabarrak aukera paregabea izan du Jony aurrelariaren bitartez berdinketa lortu ahal izateko, baina Courtoisek desbideratu du. Partida joan-etorria zen, area batetik bestera. Eta jakina, hor dago bi taldeen arteko desberdintasunik handiena, gola.
Vinicius juniorrek, Real Madrileko izar berriak izan duen aukera aprobetxatu du eta bigarrena egin du. Jarraian, korner baten ondorioz Maripanek buruz errematatu du eta gutxigatik kanpora joan da. Partida bukaeran, Odriozolak egindako erdiraketa bikain bat saretara bidali du Marianok, buruz. Hiru eta huts eta hirugarren porrota. Dena den, taldeak oraindik sailkapenaren goialdean jarraitzen du. Orain fitxaketa berriak egokitu behar dira eta datorren astelehenean Levanteren auka garaipenaren bidera itzuli beharra dago.
-
Real Madril: Courtois, Odriozola, Nacho, Sergio Ramos, Reguillon, Dani Ceballos, Casemiro, Modric, Bale (62’. Marco Asensio), Benzema (74’. Mariano) eta Vinicius Junior (86’. Isco).
Alaves: Pacheco, Vigaray, Laguardia, Maripan, Duarte, Burgui (66’. Diego Rolan), Manu Garcia (80’. Guidetti), Pina, Wakaso, Jony eta Calleri (80’. Alex Blanco).
Txartel horiak: 31’. Laguardia, 79’. Vinicius Junior, 90’. Mariano
Golak:
1-0: 29’. Benzema
2-0: 79’. Vinicius Junior
3-0: 90’. Mariano
Bernabeuko harmailak:
62.000 ikusle bildu dira Bernabeuko harmailetan. Azken boladan Real Madrileko zaleak pozik daude taldeak egiten duen jokoarekin eta horren ondorioz txaloak dira nagusi. Alaveseko zaleak han ere izan dira, bakan batzuk eta une oro taldea animatzen izan dira. Pena jasandako porrota, halere, sailkapenaren goialdean jarraitzen du.