Zenbait zertzelada

Zenbait zertzelada

Bertsolari aldizkariak Abel Enbeita bertsolariaren gogoetak jaso ditu bere azken zenbakian.

Bertsolaritzaren munduan izandako nondik norako batzuk idatz ahal nitzakeen esan zidatenean, hustasun bat sumatu nuen nire baitan.  Zer konta nezake bertsozaleek ez dakitenik? Baina barneko inurritegiari buelta eman eta idazteari ekin diot.

Bertsolaritzako nire ibilbideak bi ardatz ezberdin izan ditu: bat, oholtza gaineko jarduna; eta bestea, bertso eskola eta ikastetxeetakoa. Oholtza gaineko jardunean gai-jartzaile gisa hasi nintzen, eta bat-bateko jauzia modu xelebrean iritsi zitzaidan. Orominoko Bakixa auzoan ginen eta ni, gai-jartzaile. Saioa bukatzean, entzuleen artetik "euk bota eik bat", oihukatu zuten. Eta ezustea irentsi baino lehen, kantuan aritutako batek (Jon anaia bera) "entzun dok ezta"?, aldamenetik. Oholek ere oin azpitik ihes egiten zidatela iruditu zitzaidan, baina gelditu gabe bukatu nuen oholtzako nire lehen bertsoa. 18 urte nituen.

Hiru data aipagarri

Gero, herriz herriko ibilbidean, badira data edo urte bereziak: 1967a, 1969a eta 1987a, hain zuzen. Lehen urtean, 1967an, bi gertakari bitxi bizitzea suertatu zitzaidan. Bat Durangaldeko Izurtza herri zoragarrian, eta bigarrena, Gernikan.

Izurtzan, X. Amuritza, A. Muniategi eta ni neu, A. Enbeita, ginen bertsotan. Giro berezia sumatzen zen inguruan, tentsio ukitu bat. Izan ere, herriko agintariak eta herriko dantzariak talka eginda zeuden. Dantzariek Taldearena zen "estandarte" edo ikurrinarekin dantzan egin nahi, eta agintariek Espainiako bandera erabili behar zutela. Azkenean dantzariek, apaizaren baimenagaz, elizan eta beren ikurrarekin dantzatu zuten, eta zelaian dantzatzeari, uko.

Ondoren zetorren gure saioa, eta bertsolaria herriaren bozgorailua dela esaten denez, gertatutako arazoari lotuta ekin genion geure ekinari. Aguazila, ordea, itxuraz gustura ez eta, bere makilarekin bozgorailuari kolpeka hasi zitzaigun, "Nahikoa da, behera hortik", oihukatuz. Iskanbila latza sortu zen agintari eta herritarren artean, eta halaxe bukatu zen gure egun hartako jarduna. Gerora, 25. urteurrena ospatu genuen, berriz hirurok, toki berean.

Bigarrenak, ordea, ondorio latzagoak ekarri zizkidan. Gernikako Lurgorri auzoan izan genuen saioa eta gorabeherarik gabe bukatu genuen egitekoa. Baina egun batzuetara, herriko aguazil eta postaria zena etorri zitzaidan bere Vespa motorrean, eta paper bat luzatu: "25.000 pts. de multa por atentar contra la unidad de la patria e injurias al jefe del Estado". Halaxe zioen agiriak. Ezagutu ahal izan genuen salatzailea, baina 30 egunez Basauriko kartzela berria ezagutzeko abagunea izan nuen.

Muxikatik Abornikanora

1969an, oholtza gaineko nire bidea zeharo aldatuko zuen jauzia eman nuen. Hala, Muxika, guztiz euskalduna eta bertsozalea zen herri batetik, erdaldun hutsa eta bertsoa zer zen ere ez zekien Abornikano herrira aldatu nuen nire bizitza, Bizkaitik Arabara. Horrela, Bizkaian, plazan kantatzea "Gobernadoreak" debekatu bazidan, aldaketa honek bigarren hesi bat jarri zidan, hala nire euskararekiko zein bertsolaritzarekiko nuen harremana zeharo murriztuz.

Txapelketako ibilbidean ere badut bitxikeria xelebre bat: enpatea. Mungian, Bizkaiko Txapelketaren kanporaketan, epaileek Jon Lopategi eta Abel Enbeita puntu berdinetan zirela eta enpatea hausteko bertso bana kantarazi ziguten. Lopategik egin zuen aurrera eta, urte hartan, bere Bizkaiko lehen txapela jantzi. Baina hori gutxi ez eta, hurrengo urtean, Lekeitioko azken aurreko saioan, Abel Muniategi eta Abel Enbeita omen ginen enpate. Nola biok ginen Abel, hiruna bertsotarako gaia jarri ziguten: Kain eta Abel. Saio hori ere bukatu genuen eta, hara non, berriz ere enpate. Halaxe geratu zen, biok berdinduta. Muniategik eta biok maiz gogoratzen dugu gure "enpate"tasuna, biok urte berean jaioak (1942), biok apaizgintzan izanak, biok bertsolari eta biok "enpate".

Xalbadorren heriotza eguna ere gogoan dut. Aita, ama eta emaztearekin izan nintzen Urepelen, kantatu ere aitak eta biok kantatu genuen. Egun latza suertatu zitzaigun, batez ere aitari, lagun mina baitzuen.
Bada beste pasarte bat, eta aipatu nahi dut. Hernandorena jaunari bururatu zitzaion Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldetik bina bertsolari aukeratu eta sariketa bat burutu behar zela. Bururatu eta burutu. Leitza, Bergara eta Gernika aukeratu saioetarako geltoki eta, I. Lazkano eta J.L. Gorrotxategi Gipuzkoatik, Arozamena eta Madariaga Nafarroatik, Xanpun eta Mattin Iparraldetik eta J. Azpilaga eta Abel Enbeita Bizkaitik, eta esperientzia berri bat bizi izan genuen.

1987a oholtza gaineko nire ibilbidearen helmuga gertatu zen. Urte horretan emaztea hil zitzaidan eta bertso kantua etetea erabaki nuen. Dena bat-batean utzi ez banuen ere, ez nuen ez indarrik ezta gogorik, bera baitzen martxan jartzen ninduen motorra.

Arabako bertso eskolaren sorrera

Baina, dena ez da iluna mundu honetan. Niretzat Arabako bertso eskolen sorreran parte hartu eta ezagutu dudan jende zoragarri guzti horrekin nire jarduna partekatzea, harro sentitzeko moduko arrazoia da. Eta nola ez, gaurko Arabako Bertsolari Txapelketan, oholtza gainean eta bat-batean 40 bertsolari ikustea. Baita ikastetxez ikastetxe aurkitu ditudan hala ikasle, nola irakasle. Guzti hori urrez ordaintzerik ez dago.

Oholtza gainean kantu kide izateko ohorea izan dudan bertsolari andana ere hor dago. Joanak: Basarri, Uztapide, Xalbador, Lasarte, B. Enbeita, Pujana, Ibarzabal, Agirre, Xanpun, Mattin, Azpilaga, Mugartegi… Nire garaikoak: Lazkano, Gorrotxategi, Mendizabal, Telleria, Peñagarikano, Murua, Muniategi, Mañukorta, Amuritza, Lopategi, Sardui anaiak, Ajuria, nire anai Moises eta Jon, Egaña, Sebastian… Eta gaurko Oihana Perea, Rikardo, Juanjo, Bizkar, R. Santxez, Viñaspre, Manex Agirre, Zigor Enbeita eta abar luzea… benetan ohorea!

Hor gelditzen dira, baita, Euskal Herrian zehar bertsoz agurtutako 225 plazatik gora ere. Altxor gisa dauzkat apuntatuta eta gordeta.

Denetarik izan dut nire bertsolari izan nahi eta iritsi ezinean egindako ibilbidean, baina azkenean, eta horrekin gelditzen naiz, "Bertsoak entzunez gozatzen ikasi izan dut".

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide