Denboraldi honetako lehen porrota Mendizorrotzan

Ibon Gorrisi 2019ko urt. 29a, 11:00
Norgehiagoka trabatu egin da, Alavesen kalterako / LA LIGA

Alavesek 0-1 galdu du Rayo Vallecanoren aurka, euripean jokatutako partida batean.

Ametsak etenaldia izan du. Denboraldi honetako lehen porrota Mendizorrotzan. Eguraldi txarra izan da partidaren protagonista nagusia, etengabe euria egin du. Alavesek aukerak izan ditu, gutxienez, berdinketa lortu ahal izateko. Baina, batean zutoina, besteetan jaurtiketa desbideratuak eta gainontzekoetan ezin asmatu azkenengo metroetan. Rayo Vallecanok, ordea, De Tomas aurrelariaren bitartez bigarren zatiaren hasieran asmatu du eta hiru puntuak eraman ditu Madrilera.

Lehen zatia oso parekatua izan da. Baloiaren jabetza antzeko samar izan da bi taldeentzat. Zelai erdiko jokoa izan da nagusi. Halere, bai batak zein besteak gol aukerak izan dituzte markagailua mugiarazteko. Beharbada, garbiena Burgui aurrelariak izan duena minutu bat falta zela atsedenaldira joateko. Rayo Vallecanoko jokalariek zelai erdian baloia galdu dute, aurrelariak eskuin hegaletik jaso du, ia-ia area txikiraino sartuz, zutoinera egin du jaurtiketa.

Bigarren zatia hasi bezain pronto madrildarren gola etorri da. Hortik aurrera, Rayok bere jokoa egin du. Hau da, joko gutxi eta falta asko. Horren ondorioz, norgehiagoka trabatu egin da Alavesen kalterako. Dena den, Abelardok egindako aldaketek bizitasuna eman diote taldeari. Behin eta berriz, area ingurura hurbildu dira, baina ez dute inongo etekinik lortu. Maripan atzelariak izan du oso aukera garbia berdinketa lortzeko, baina buruz egindako errematea gutxigatik kanpora joan da.

Bigarren itzuliaren hasiera oso kaxkarra izan da. Aurrekoan Getaferen aurka emaitza mingarria izan zen eta oraingo honetan zer esanik ez. Halere, mailari eustea helburu izanik, oraindik orain Europako postuetan dago taldea. Hurrengo norgehiagoka Real Madrilen kontra izango da. Gutxi galtzeko eta asko irabazteko. Beraz, ametsak darrai.

-
 
Alaves. Pacheco; Martin, Laguardia, Maripan, Duarte; Burgui (75’. Sobrino), Darko Brasanac, Manu Garcia (67’. Jony), Wakaso; Borja Baston (75’. Guidetti) eta Calleri.

Txartel horiak: 57’. Maripan, 84’. Pacheco.

Rayo: Dimitrievski; Velazquez, Ba, Amat; Advíncula, Imbula, Comesaña, Alex Moreno; Trejo (79’. Bebe); De Tomás (87’. Medran) eta Embarba (66’. Alvaro Garcia).

Txartel horiak: 69’. Alex Moreno, 84’. Imbula, 85’. Comesaña, 89’. Medran, 90’. Bebe.

Golak:

0-1: 47’. Raul de Tomas

Mendizorrotzako harmailak:

14.000 ikusle bildu dira Mendizorrotzan, horietariko berrehun bat Rayo Vallecanoko zaleak izan dira. Partidaren hasiera ia-ia hutsik zeuden harmailak, izan ere, zaleak bost minutu beranduxeago sartu dira futbol-zelaira. Modu honetaz "astean zehar futbolik ez" leloari atxikimendua adierazi nahi izan diote. Era berean, Tebas, Ligako presidentearen aurkako ohiko oihuak entzun dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide