Hiru emakumek lanean jasandako sexu jazarpenak salatu ditu LABek

Erredakzioa 2019ko urtarrilaren 29a

Eli Etxeberria LABeko Idazkaritza Feministako ordezkaria, Lorea Porre sindikatuko abokatua eta Iraia Onaindia LABeko kidea. LAB

Palacio de Elorriaga hotela, Aldundiaren menpeko azpikontrata bat eta Transportes Barreira dira salatutako enpresak.

LAB sindikatuak Arabako hiru enpresatan jazotako "indarkeria matxistarekin" eta "emakumeenganako diskriminazioarekin" lotutako hiru egoera salatu berri ditu. 

Batetik, Gasteizko Palacio de Elorriaga hotelean, iazko irailean, "haurdun egoteagaitik langile bat kaleratu" zutela salatu du LABek. "Zazpi urteko lan-harremana eta gero", emakumeak bere haurdunaldia enpresari jakinarazi eta bi asteren buruan jaso zuen kaleratze agiria. Langileak kaleratzea salatu zuen, eta urtarrilaren 22an epaiketa egin ondoren, epaiaren zain daude.

Bestalde, joan den urteko azaroan, Arabako Aldundiaj azpikontratatuko enpresa batean, gizon batek emakume bati sexu erasoa egin ziola salatu dute sindikatuko ordezkariek: "Emakumeak salaketa jarri zuen, eta erasotzailea bortxaketa delitu arin bategatik zigortu dute, urruntze agindu bat ezartzeaz gain. Hala ere, enpresak ez du inolako neurririk jarri halako egoera bat berriro gerta ez dadin". 

Halaber, Transportes Barreira garraio enpresan hainbat hilabetez emakume langile baten aurka gertatu den sexu jazarpen kasu baten berri eman du LABek: "Enpresako zuzendaritza konplize bilakatu da egoera honetan, ez baitu ezer egin langilea babesteko, erantzukizunak egokitzeko eta halako zerbait berriro gerta ez dadin".

LABek emakume guztiei dei egin die lan munduan gertatzen diren erasoak salatzeko, eta enpresei, berriz, "sexu jazarpena zein diskriminazioa ekiditeko protokoloak martxan jar ditzatela" eskatu diete.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago