Barazkiak baino gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Enciso 2019ko urt. 27a, 09:00

"Ezin dugu beste alde batera begiratu; ez gaitezen kontsumitzaile itsuak izan".

Mundua salgai dagoen honetan, merkatuei zorrotz so egiteko garaia iritsi zaigu. Denak ez du balio, ezin dugu beste alde batera begiratu. Kontsumitzaile gara; beraz, gu ere bagara merkatuaren parte. Egin diezaiegun aurre. Ez gaitezen haien jolasen parte izan. 

Zer osasungarria den kinoa. Proteina asko dauka, zuntz kantitate ederra eta bapo egin arte hartzen ditugu edozein sukaldaritza "alternatibotan". Beste behin ere, modan jarri den jaki batek merkatuan sekulako gorakada izan du. Kinoa gudetarako aproposa den jakitzat hartua izan da, desnutrizioaren aurka oso eraginkorra agertu omen delako. Paradoxikoa da, beraz, urteetan kinoa ekoizleak izan diren laborariak orain desnutrizioaren bidean egotea. Kuriosoa iruditzen zait nola Boliviako herrialde batek, biztanleen %24a gosearen atarian duena, gerrarako super-jakiaren munduko ekoizlerik handiena dela. Nora doa, bada, kinoa guzti hori?

Sasizereal honek, kinoak alegia, Andeetan dauka jatorria. Urteetan, Boliviako ekoizleek bezalaxe, beste hainbat herrialdeetakoek ere haren ekoizpenari ezker biziraun dute. Orain, gure ditxosozko dieta osasungarriak direla-eta, kinoa produkzioak izugarrizko gorakada jasan du. Kinoaren negozioak ekoizle handien arreta hartu du, eta, ondorioz, nekazari xumeagoak aukerarik gabe geratu dira. Kinoaren prezioa ikaragarri igo da. Nekazari txikiek ezin diote aurre egin prezio horiei, ezta ekoizpen mailari ere. Ondorioz, enpresa nagusiak eta euren monolaborantzak dira orain kinoaren ekoizpenaren jaun eta jabe. Eta bai, gu ere bagara horren errudun. Nahi gabe bada ere, errudunak gara. 

Jakin behar dugu horrelako modak, eta super-jakiak diren horiek, merkatal produktu bat besterik ez direla. Bost axola zure dieta osasungarriak beste pertsonen bizitzeko eskubidea urratzen badu. Sentitzen dut, baina ez, ezin da onartu. Gure herrialdean ekoizten diren jakiak, nahiz eta hain cool ez izan, super-jakiak dira berdin-berdin. Ez gaitezen kontsumitzaile itsuak izan. Eta lasai egon, gure herriko babarrunek ere proteinaz beteko zaituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago